GARA > Idatzia > Jo puntua

Kirmen Uribe Idazlea

Bi koadro berdin-berdin

Gernikara ekarri behar omen dituzte Pablo Picassok «Guernica» koadroa pintatu aurretik egin zituen marrazkiak. Uda partean erakutsiko dituzte Euskal Herrian. Aprobak ziren, behin betikoa egin aurretik marraztu zituen pieza solteak. Koadroa, beste behin, Madrilen geratuko da.

New Yorkeko MOMA museoan Picassoren dozenaka koadro daude eskegita, bata bestearen atzetik. Deigarriena, zalantzarik gabe, «Las madmoiseille d'Avignon» entzutetsua da. 1907an pintatu zuen Picassok, eta Bartzelonako Avignon kalean zeuden putaetxe batean dago oinarritua. Hango bizimodu desordenatuko emazteak agertzen dira koadroan. Koadroa pintatu zuenean 25 urte baino ez zituen margolariak, eta ikusten da koadroan ageri diren aurpegietako batzuk gainetik daudela pintatuta, lehen gizonezkoa zena emakumezko bilakatu zuela gero. Indar ikaragarria du koadroak, ikuslea harrapatu egiten du hasiera-hasieratik.

Koadroarekin aurrez aurre beste bi margo daude, itxuraz berdin berdinak. Bata Georges Braquerena da eta bestea Picasso- rena, «Ma Jolie» izenekoa. Ia-ia ezin da esan norena den bata eta norena bestea. Garai berekoak dira koadroak eta esku berak pintatu zituela ematen du. Bi-biak ari ziren kubismoaren posibilitateei buruz sakontzen eta bi-biei koadro berdina atera zitzaien. Zein oinarritu zen bestearen koadroan ez dakigu. Baina koadroek ezer gutxi esaten diote ikusleari, hotzak dira, ilunak. Teknika bat muturreraino eramana, besterik ez dute adierazten. Buelta eman eta berriz jarri ditut begiak Picassoren gaztaroko koadroan. «Madmoiseille» haiek badute zerbait gordean. Gortina zabaldu eta atzean dagoena azaldu nahi izan zuen Picassok, ezusteko bat. Eta oraindik ere sorpresa reagiten dio ikusleari. Ez da teknikoki koadro perfektua, eta horrexegatik kritikatu zuten hasieran, Matissek berak arte modernoari eginiko iraintzat hartu zuen. Baina bizitasun handia du. Eta koadroari so egin eta lehen begiratuan badakizu koadro hori Picassorena dela, «Ma Jolie» aldiz ez. Picasso edo Braquerena izan daiteke.

Beharbada horrexegatik utzi zuen albo batera Picassok muturreko kubismoaren bide hura eta bestelako koadroak pintatzen hasi zen, koloretsuagoak, biziagoak. Esaten zuen bide hori agortu zela Lehen Mundu Gerra eta gero jendeak ez zuelako gauza ilunik ikusi nahi, bizipoza behar zuela jendeak. Eta bere egin zuen jendeak Picasso.

Gogoan dut txikitan geuk ere «Guernica» koadroaren kopia bat genuela egongelan eskegita. Euskal Herriko etxe guztietan egongo zen orduan «Guernica»ren bat. Berniza jarri zioten gainetik gurasoek eta ematen zuen koadroa benetakoa zela. Gomutan dut nik uste nuela benetako «Guernica» gure etxean zegoela eta lagunen etxean ikusten nituenak gure etxekoaren kopiak baino ez zirela. Eztabaidaren bat ere izan nuen lagunen batekin hori zela eta ez zela. Azkenean onartu behar izan nuen gure etxekoa besteak bezalakoa zela, soilik barniza zuela gainetik.

Baina egia da baita ere berniz pixka bat nahikoa dela batzuetan gauzak benetakotzeko, xehetasun txiki bat gauzak ezberdin bihurtzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo