DONOSTIA
Aurrerapauso gabeko «itun aurrerakoia»
Bosgarren legegintzaldia egingo du Odon Elorzak Donostiako alkate gisa. aurrekoan ez bezala, oraingoan, lasai aritzeko parada izango du, gehiengo osoa baitu. hala ere, «akordioen kultura» sustraitzeko borondatea agertu du. «Itun aurrerakoia» bezala bataiatu dute PSEk eta EB-Aralar koalizioak sinatutako akordioa, aurrerapauso zantzu eskasa erakusten duen arren.
Gari MUJIKA
Errege espainolaren erretratuaren zaintzapean, eta Borboitarrari eta Konstituzio espainolari fideltasuna zin egin eta gero, Odon Elorza alkatetza-makilaren jabe egin zen bosgarren aldiz. «Umilagoa izaten» ikasi duela esan zuen PSEko alkateak kargua hartu bezain pronto, eta gainontzeko alderdiekin akordioetara iristeko prestutasuna azaldu zuen. EB-Aralar koalizioarekin lortutako akordioari esker izan da berriro garaile Elorza. Alkateak berak, «historikotzat» jo zuen atzokoan koalizioarekin hitzartutako «itun aurrerakoia». Aurreko legegintzaldian ere Ezker Batuarerekin gobernatu zuen, baina errauskailuaren afera dela medio, gobernutik atera zen orain hilabete eskas EB. Errausketa planta eraikitzeko proiektua aurrera doan arren, berriro batu dira.
Gainontzeko alderdi politi- koek, atzokoan, esker onak besterik ez zituzten izan alkatearentzat. Zorionak, eta EAJko Xabier Ezeizabarrenaren kasuan, baita PSErekin akordioak adosteko gonbite argiak ere.
Guztiek ala guztiek Donostiaren «onurari» begira lan egingo dutela adierazi zuten, oposizio «konstruktiboa» eginez. Hori bai, inongo hautetsiren ahotik ez zen hitz erdi bat bera ere entzun ANVk Donostian eskuratu zituen hiru eserlekuez, ezta horiek bizitza instituzionalean txertatzeko moduaz ere.
Hala ere, ezker abertzalea ahoan izan zuten guztiek. ETA erakunde armatuaren «mehatxua» salatu zuten banan banan eta ezker abertzalearen «presioak» deitoratu zituzten. PPko Maria Usandizagak «askatasuna berreskuratzeko» lan egingo duela esan arren, Xabier Ezeizabarrenak egin zituen, ezbairik gabe, ezker abertzalearen aurkako «adierazpen» gogorrenak.