GARA > Idatzia > Kultura

«Sortzaileak ez ginateke arte azoketara hurbildu behar»

Munduko Arte Azoka garrantzitsuenean ibili da egun hauetan Alfredo Alvarez Plagaro margolari gasteiztarra. Izan ere, Basilean izan da Alemaniako M Bochum galeriarekin. Egun Madrilen bizi den sortzailea GARArekin mintzatu da bere obraz eta azokaren garrantziaz

Josune VELEZ DE MENDIZABAL

«Abere azoka bat bezalakoa da hau, baina animaliak saldu ordez, artea saltzen da -dio umorez Alfredo Alvarez Plagarok-. Jendeak batzuetan Basileako azoka honetan zer egiten den ez dakielako ematen dut azalpena». Artistek, ordea, ondo baino hobeto ezagutzen dute Suitzako hirian urtero antolatzen den munduko arte azoka garrantzitsuena. Plagaro bertan izan da aurten ere eta oso pozik dago, aukera horretaz gozatzeko aukera gutxi batzuek besterik ez dutelako baitaki. «Benetan zaila da bertan parte hartzea: oso ekimen selektiboa da», onartu du margolariak.

Suitzan ekainaren 15etik 17ra bitartera egindako Art Basel azokako 38. edizioak 30 lurraldetako 300 galeria bildu ditu. Aukeraketa prozesuaren gogortasunaz jabetzeko, argigarria da hurrengo datua: aurten 800 arte galeriek egin zuten bertan parte hartzeko eskaera eta horietatik 300 soilik aukeratu zituzten. Parte hartzaileak, besteak beste, Amerikako Estatu Batuetakoak, Estatu frantsesekoak, Estatu espainolekoak, Brasilekoak, Mexikokoak, Austriakoak, Danimarkakoak eta Alemaniakoak izan dira.

Salmenta ugariko azoka

Plagaroren ustez, azokaren garrantzia salmentetan dago. «Arcorekin alderatuz gero, ezberdintasun nabarmena dago: ekimen kulturala da, baina helburu nagusia artea saltzea da -esan du-. Hemen ez bezala, gainontzeko azoketan ez dago bildumazalerik. Gainera, etortzeaz aparte, bildumazaleak erosi egiten dute Basilean».

Margolari gasteiztarra M Bochum galeria alemaniarrarekin izan da aurtengoan ere hiri suitzarrean. «Kasualitatez `erakarri' ninduten galeria honetara -argitzen du barrezka Plagarok-. 1992. urtean izan zen. M Bochum Richard Serraren erakusketa antolatzen ari zen Reina Sofian. Galeriako arduradunek nire lana erakusgai zegoen areto batetik pasa ziren eta gustatu egin zitzaien. Orduan, nirekin harremanetan jarri ziren».

Ordutik elkarlanean aritzen dira. «Galeria batek babesa ematen dizu eta harremanak errazten dizkizu, bai erakusketak antolatzeko orduan, bai azoketara bidaiatzeko ere. Segurtasuna ematen du, nahiz eta zure lanak ere pisua izan behar duen. Baina nolabait babes horrek zuk egindakoa indartzen du», esan du.

Plagaroren lanaz gain, Richard Serra, Frak Stella eta Arnulf Rainer nazioarteko artistenak ere izan ditu erakusgai M Bochum galeriak Art Baselen. «Galeriei azoketara hainbat artisten lanak eramatea komeni zaie, ez artista bakar batenak. Horrela, salmenta aukerak areagotzen dira».

Turismoa gustuko duenez eta galeriarekin nahiz gainontzeko artistekin harremak zaindu nahi zituenez, Basilean izan da gasteiztarra pasa den egunetan. Hala ere, honakoa nabarmendu du: «Sortzaileak ez ginateke arte azoketara hurbildu behar».

M Bochum galeriaren datorren udazkeneko erakusketa antolatzen ari da Plagaro. «Nire lanak bilduko dituen erakusketa handia izango da. Basilean erakusgai izan ditudan margoak aurrerapena dira», kontatu du.

Margolaria Gasteizen jaio zen 1960. urtean. Egun Madrilen bizi da eta bertan egiten du lan. Bere lanaren ezaugarri nagusia errepikapena dela dio. «80. urtetik garatzen dut `Kuadro berdinak' izendatzen dudan sormen lana», azaldu du Plagarok.

Arte garaikidearekiko blokeoa gainditzen

Alfredo Alvarez Plagaro arte garaikideak publiko orokorrarengan sortzen duen «blokeo» egoeraz jabetu da. «Gauza arraroak egiten dira egun, jendeak ez dituenak ulertzen. Horregatik ikusle gehienek adarra jotzen dietela pentsatzen dute», azaldu du. Ondorioz, bere obraren esanahiaz galdetzean, azalpenik ez ematea nahiago du. «Askotan nahasmendua besterik ez baituzu sortzen», esan du barrezka.

Bere margoak errepikapenean oinarritzen dira, horregatik guztiek eramaten dute `Koadro berdinak' izenburua. «Gutxienez bi piezaz osatzen diren lanak dira. Bertikalean nahiz horizontalean ikus daitezke, perspektiba ezberditetatik, alegia. Ez dago arau zehatzik horretarako», esan du.

Bere ustez, jendeak arte garaikidea ez ulertzearen beldurra ezabatu beharko luke: «Artean murgiltzea musika zalea edo ardo zalea izatea bezalakoa da. Hau da, hastapenetan ardo ona edo txarra den galdetu gabe edaten duzu, aurreiritzirik gabe. Ostean, esperientziaren poderioz, ezberdintasuna aurkitzeko gai izatera heltzen zara». J.V.M.

HURRENGO LANA

M Bochum galeria alemaniarrekin batera udazkenean aurkeztuko duen erakusketa berria prestatzen ari da gasteiztarra. Suitzara eraman zituen margoak Alemanian egingo duen erakusketaren aurrerapena dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo