GARA > Idatzia > Euskal Herria

Errausketaren aurkako bizikleta martxa egin dute, Lasarte-Oriatik Zubietara

LASARTE-ORIA

Dozenaka lagunek hartu zuten parte Lasarte-Orian errausketaren aurka, atzo, eginiko bizikleta martxan. Bigarren urtea da Lasarte-Oria Bizirik taldeak ekimen hori antolatzen duela, eta aurten, data seinalatua hautatu du: udal berrien osaketa eguna. «Herria errausketaren aurka dagoela erakutsi nahi izan dugu, bai Zubietan jartzen badute, bai beste toki batean jartzen badute ere. Udal berria osatzen duten guztiei eskatzen diegu hauteskunde agintzak bete ditzatela eta inguru honetan errauskailua eraikitzea ekidin dezatela», azaldu zuten antolatzaileek.

«Oraindik, hausnartzeko eta gure zaborren kudeaketa iraunkorraren alde egiteko garaiz gaude», baieztatu zuen Lasarte-Oria Bizirik taldeak.

Martxa Okendo plazan hasi zen, 11.00etan, eta manifestariak, hirigunea zeharkatu ostean, Zubietara hurbildu ziren. Hamaiketakoa zuten zain.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo