ATHLETIC Azken jardunaldia
109 urteko historia, 90 minutuko partidan jokoan
Gainontzeko markagailuak begiratu behar ez dituenaren lasaitasuna izan arren, Athletic garaipena lortzera behartuta dago bere historia luzean ezagutu duen maila bakarrari eutsi nahi badio
ATHLETIC-LEVANTE
BILBO
Beharbada komenigarria ez den gehiegizko presioa sor badezake ere, ez dago zalantzarik: Athleticek bere historiako partida garrantzitsuena jokatuko du gaur.
Zorionez, Athleticen 109 urteko historia egun garrantzitsuz beteta dago. Zorionez, jokatutako final ugariek taldearen palmaresa handitzeko balio izan dute. Zoritxarrez, egungo egoera guztiz desberdina da: porrotak ez luke kasu honetan egun bateko desilusioa, txapel baten ihesaren desilusioa, sortuko. Porrotak 109 urtez Athleticen lekua izan den eliteari agurra esatea ekarriko luke. Ondorioz, adostasuna erabatekoa da: ziurrenik, mende luze honetan jokatutako partida garrantzitsuena da gaurkoa.
Izugarrizko erantzunkizun historiko horren presioari aurre egiteko, taldeak hainbat faktore ditu alde. Hasteko, une onenetan eta, batez ere, gogorrenetan, zaleen laguntza izan du beti alboan Athleticek. San Mames bete-beteta egongo da gaur: 40.000 eztarrietatik irtengo den oihu bateratuaren xede bakarra taldea bere helburura gerturatzea izango da.
Kirol arlori bakarrik begiratuta ere, datuak itxaropentsuak dira, betiere futbola joko bat dela ahaztu gabe. Alde batetik, taldeak bigarren itzulian etxean izandako hobekuntza dago: San Mamesen jokatutako azken bost jaurdunaldietan, Athleticek hiru garaipen, berdinketa bat eta porrot bat jaso ditu. Porrota gainera, txapeldun izan daiteken Real Madriden aurka heldu zen.
Bestetik, gainontzeko partidetan gertatzen denak ez lieke axola behar zuri-gorriei. Bere norgehiagoka irabaziz gero, mailari eutsiko dio Athleticek. Eta ez badu irabazten, Betisek, Celtak eta Realak galtzea ere gerta daiteke.
Azkenik, beste datu garrantzitsu bat dago: joan den astean maila mantentzea ziurtatu ondoren, Levante lasai-lasai iritsiko da. Denboraldi amaieretan zelaietan baino bulegoetan ematen diren hainbat faktore daudela kontuan hartu behar den arren, argi dago gaur irabaziz gero Athleticek berak lortuko duela maletatxorik ederrena.
Aldaketa gutxi
Aurrealdean egongo diren Joseba Etxeberriak eta Isma Urzaizek zuzenduko dute talde zuri-gorria gaurko partidan.
Urzaiz berarena eta Unai Expositorena izango dira Manek hasierako hamaikakoan sartuko dituen aldaketa bakarrak. Hain zuzen ere, Javi Gonzalezen eta Adurizen ordez ariko dira.
Levanteri dagokionez, Salvak azkenean ez du ezker orkatilean duen lesioa gainditu eta deialditik kanpo geratu da. Aste honetako saioetan ikusitakoaren arabera, Abel Resinok ez ohiko hainbat jokalari sartuko ditu hamaikakoan. Hori bai, «profesionalak bezela, partida irabaztera» etorriko direla nabarmendu du entrenatzaileak.
Aurrekaririk gabeko partida da gaurkoa: bere historia luzean lehen aldiz, Athleticek maila gal dezake. Erantzunkizun horrek gehiegizko presioa sor dezake jokalariengan, beraien ideiak eta hankak motelduz.
Hainbat faktoreri esker, zuri-gorrien itxaropenak bizi-bizirik daude: zaletuen erantzuna, bigarren itzulian etxean izandako hobekuntza, aurkariaren egoera eta, batez ere, ez dutela gainontzeko markagailuei begira egon beharrik.