LAU ETA ERDIA - Nafarroako Txapelketa
Indarra eta kolpearekin bakarrik ezin da irabazi
A.A. | DONOSTIA
Oinatz Bengoetxeak ongi merezita hartu zuen mendean Patxi Ruiz Nafarroako Lau eta Erdiko Txapelketaren final-laurdenetako partidan. Leitzako aurrelaria bere aurkaria baino askoz erregularrago aritu zen, askoz ere saiatuago, eta horri esker finalerdietan Aimar Olaizolaren aurka jokatzeko txartela eskuratu du. Enpresek oraindik lehiaketaren egitura zehaztu ez badute ere, litekeena da finalerdia bi aste barru jokatzea.
Indartsu ekin zion partidari Patxi Ruizek. Kolpez oso fresko dagoela argi geratu zen beste behin, eta piloteoan nagusituz, markagailuan aurrea hartzea lortu zuen (4-0). Baina bere lehen huts nabarmenak -luzeegi sakatu zuen bi aldiz- Oinatzi partidan garaiz sartzeko aukera eman zion. Leitzako gazteak bikain baliatu zuen aukera hori eta norgehiagoka berdintzea lortu zuen ongi jokatuz.
Neurketa oso gogorra zihoan -markagailuak 5-5ekoa adierazten zuenerako 102 pilotakada joak zituzten bi protagonistek- eta joko horretan hobeto moldatzen da Oinatz. Gainera, epailearen erabaki eztabaidagarri batek Patxi Ruiz partidatik atera zuen. 7-9koan Lizarrako atzelariari falta adierazi zioten sake motzegia ateratzeagatik, nahiz eta telebistako errepikapenean falta ez zen batere argi ikusi. Kontuak kontu, Ruizek burua galdu zuen erabat eta Oinatzek bost tantoko aldea ireki zuen (7-13).
Amorrua aterata eta bere kolpeari esker, Ruizek markagailuan 13 eta 14 hurbiltzea lortu zuen -bere azken tantoa ezkerrez botatako dejada bikain batean iritsi zen-, baina hortxe amaitu zitzaion Lizarrakoari ahalmena, kemena.
Zabalera bidalitako ezker gantxo batek berriz ere jendearen protestak sorrarazi zituen, baina kasu horretan epaileek asmatu egin zuten erabakian. Hala ere, Ruizek berriz ere burua galdu zuen jokaldi horretan eta Oinatz zuzen-zuzen joan zen 22ra atzelariaren etengabeko opariak eta hutsak probestuz.
Asperen adarra, bestetik, oraindik zehaztu gabe dago. Hiru pilotarik jokatzen badute, Irujo eta Barriola ziurtzat jo beharko dira. Ikusi egin beharko da Eugi nola dagoen.