TXIRRINDULARITZA Iurreta-Emakumeen Bira
Ljungskogek lidergoa sendotu du Urduñan
Kupfernagel alemaniarra erlojupekoan gailendu zen, eta Baccaille italiarra, Bilbon
Unai IRARAGORRI | URDUÑA-BILBO
Susanne Ljungskog suediarrak Iurreta-Emakumeen Biraren lidergoa sendotu du atzoko bi saioak jokatu ondoren. Goizetik, Hanka Kupfernagel alemaniarrak erakustaldia eman zuen Urduñako erlojupekoan; Bilbon, berriz, Monia Baccaille italiarra nagusitu zen. Itzulia gaurko azken etapan erabakiko da.
Ljungskogek 25 segundoko aldea ateratzen dio Vosi eta 43koa Kupfernageli. Beraz, nahiko bideratuta du garaipena.
Goizean, Kupfernagel alemaniarrak erabateko erakustaldia eman zuen eta alde nabarmenak atera zituen 13,4 kilometroko erlojupekoan, Urduñan. Saioa eskuratzeaz gain, jauzia eman zuen sailkapen nagusian eta hirugarren postura igo zen.
Alemaniarrak protagonistak izan ziren Urduñan. Lehendabizi, Sontheimerrek egin zuen marka onena: 21.15. Ostean, Beckerrek bere denbora zapaldu eta 20.02ko marka ezarri zuen. Herenegun ihesean ibili ondoren, Nurnberger taldeko kideak sasoian dagoela erakutsi zuen atzo berriz ere.
Bi txirrindularik besterik ez zuten marka hori gainditu. Onena, zalantzarik gabe, Kupfernagel izan, 24 segundo atera baitzizkion Villumsen daniarrari eta 26 Beckerri.
Sailkapen nagusiari begira, Ljunskog ezin hobeto aritu zen. Laugarren sailkatuta, Vos eta Brandli aurkariak menderatu zituen. Batez ere, azken horrek galdu zituen aukera guztiak, 12. sailkatu baitzen 1.02ra.
Arratsaldean, berriz, Saccarelli taldea nagusitu zen. Hain justu, Troldik irabazi zuen Bilbon, eta bigarren, Baccaille helmugaratu zen. Morenok besterik ez zuen erasoa jo Enekurin, baina tropelak helmugatik gertu harrapatu zuen espainola.
Horrenbestez, Ljungskog suediarrak gertuago du itzulia. Hori bai, aurretik, azken saioa du gaur: 83,2 kilometro Bilbotik Iurretara. Bigarren mailako Osma eta Duña gainak -azken hori helmugatik sei kilometrora- gainditu beharko dituzte txirrindulariek.