Bazterketak bazterketa, ezker abertzaleak 45 alkatetza lortu ditu
Bidegabekerien aurrean izan ohi den haserrea eta ezintasuna nagusi izan baziren ere, garaipenak dakarren zapore goxoa ere dastatu zuen atzo EAE-ANVk, 45 alkatetza eskuratuta. Batzuk espero zitezkeenak eta beste hainbat ezustekoak: adibidez, Azpeitikoa eta Igorrekoa. Lau urteetako erabateko «apartheid»aren ostean, azken ilegalizazio prozesua ahaztu gabe, ezker abertzalearen presentzia nabarmen indartu da.
Oihana LLORENTE | DONOSTIA
Lau urteetako apartheid politikoaren ostean, haize berriak iritsi dira Euskal Herriko hainbat txokotara. Auzitegi espainolek ezarritako lege bidegabe eta apetatsua gaindituta, pasa den maiatzaren 27ko hauteskundeetan EAE-ANV alderdia atera zen herri ugaritan garaile. Atzokoan, ordea, GARAk jakin duenaren arabera, 45 izan ziren eskuratutako alkatetzak: bederatzi Nafarroan, bat Araban, 12 Bizkaian eta 23 Gipuzkoan.
Aramaio, Oiartzun, Lezo, Atxondo, Izurtza edota Leitza bezalako hainbat herritan, EAE-ANV ez zen konformatu boz gehien eskuratzearekin hauteskunde hitzorduan: gehiengo osoaren jabe egin zen. Hortaz, atzoko egunak ezustekorik ez zuen ekarri zonalde horietara, baina bai ordea, poza eta alaitasun ikurrak. Lau urtez udaletik at egon ostean, ezker abertzaleak gogoz hartu baitzituen herri horietako alkatetzak.
Hainbat herritan, ordea, hauteskundeetako emaitzek ez zioten EAE-ANVri alkatetza ziurtatzen, eta azken unera arte, kirioak dantzan ibili dira ezker abertzaleko ordezkariak. Gainera, PSOEko diputatu Ramon Jauregik EAE-ANVri alkatetzak kentzeko helburuz luzatutako es- kaintzek ez zuten etorkizun oparorik iragartzen.
Hala eta guztiz ere, mehatxuak mehatxu, EAE-ANV alderdiak alkatetza ugari bereganatu zituen, baita gehiengo osoa ez zuen herrietan ere. Ezustekoak ere suertatu ziren, Azpeitikoa edota Igorrekoa kasu.
Eguerdiko hamabiak pasatxo hasi zuten Azpeitiko Udaleko batzarra. Zinegotziek kargua hartu eta bozketari ekin zioten. Julian Eizmendi EAJko hautagaiaren aldekoak ziren apustu guztiak, baina honek bere alderdiko zortzi bozak soilik eskuratu zituen. Ahatik, EAE-ANVko zerrendaburu Iñaki Errazkinek, bere taldeko sei bozez gain, EAko bi eta EB-Aralarrena jaso zituen. Ondorioz, alkatetza eskuratu zuen. Azpeitiarrek ezin zuten berria sinetsi, frankismoaz geroztik egindako hauteskunde orotan EAJ izan baita jaun eta jabe herrian.
Baina Azpeitia ez da Josu Jon Imazi burukomina emango dion herri bakarra. Bizkaian ere EAJk bere feudo historikotzat jotako hainbat herri galdu ditu. EAE-ANVren esku geratu dira herri horiek. Igorren, adibidez, maiatzaren 27 hautes lehian alderdi jeltzaleak boz gehien lortu bazituen ere, Igorre Denontzat herri plataformak EAE-ANVren alde egin zuen atzo eta alkatetza alderdi ekintzaileari eskaini zion. Antzera gertatu da Busturian, EAko bi zinegotziek alderdi historikoaren aldeko jarrera erakutsi eta honek, bost bozekin, EAJri aurrera hartu zion.
Otxandion eta Ibarrangelun EAE-ANVren izenpean izan ez bada ere, ezker abertzalea atera da garaile.
Alderdien Legearen ezarpenak Bizkaia bereziki jipoitu bazuen ere, herrialde honetan 12 izan dira ezker abertzaleak eskuratutako alkatetzak. 1999an, Euskal Herritarrok alderdiak herrialde osoan aurkezteko beta izan zuen eta emaitza oparoak lortu zituen. Hala ere, ezker abertzaleak 10 udal lortu zituen orduan, orain baino bi gutxiago.
Hernanin, goizeko lehen orduan, 8.30ean, zuten udal eraketarako bilkura. Bizilagunak udaletxe inguruan han hemenka ibili ziren goizean, datozen lau urteetako alkatetza nork jasoko zuen jakinminaz. Txalo zaparraz jaso zuten berria, Marian Beitialarrangotia EAE-ANVko hautagaiak, bere alderdiko zortzi bozekin lortu baitzuen Udala kudeatzeko ahalmena. Gipuzkoako herri honetan, lan andana gauzatu du EAEk beste taldeekin uneko akordioak lortzeko, eta jakitera eman dutenez, alderdien artean borondate ona aurkitu dute.
Arrasaten datozen lau urteetan Ina Galparsoro, EAE-ANVko zerrendaburua, izango da alkate. Bergararen ere, Aralarren bozei esker, alderdi ekintzailea atera zen garaile.
Herrialdean ez bezala, EAJ, EA eta Aralarrek ez zuten Nafarroa Bai koalizioa osatu Beran. Atzokoan, hiru talde horiek adostasuna lortu ez zutenez, alderdi ekintzailekoa izango da datozen lau urteetako alkatea.
«Abante Pasaia!»
Goizeko hamaiketatik aurrera, pasaitarren topaleku bilakatu zen Pasai Donibane. Horren erakusle, Pasai San Pedrotik bueltaka ibiltzen den txalupak ez zuen atsedenik hartzerik izan. «Herritarren borondatea errespetatu. Demokrazia zero» zioen pankartaren atzean ehun bat lagun bildu ziren zinegotziei harrera egiteko. Ertzaintzak ere ez zuen hi- tzordua galtzeko asmorik eta bisita egiteaz gain, udaletxeko sarrera oztopatzeko saiakera egin zuen. Alperrik.
Herritarrez gainezka zegoen aretoan ekin zioten udal eraketari. Zinegotzietan zaharrena PPkoa izanik, hari zegokion bileraren kudeaketa. 25 minutuko boterea probestuz, «Konstituzio espainola Estatuko funtsezko arau gisara» zin egitera behartu zituen hautetsi guztiak. Alderdi ekintzaileko zazpi hautesiak lege «arrotza» eta mahaiburuaren jarrera «inposatzaile eta faxista» salatu zuten, eta halabeharrez, zin egin zioten lege espainolari.
Pasaia, lau urtez PSEren menpe eta 25 minutuz PPren esku egon ostean, berriz bilakatu da ezker abertzalearen gotorleku. Berria di-da zabaldu zen herrian barrena eta ezker abertzalearen garaipenaren lehenengo ikurrak ere argiki azaldu ziren udaletxeko balkoian: ikurrina lau haizeetara zabaldu eta euskal presoen herriratzea eskatzen duen ikurra zintzilikatu zuten.
Hala eta guztiz ere, atzoko eguna ez zen guztiz oparoa izan, herri askotan ezker abertzalearen garaipena ospatu arren, «demokrazia gabezia eta herri borondatearen errespetu eza» pre- sent izan baitziren. Makina bat garaipen bai, baina bidegabekeria ugari ere pairatu zituen ezker abertzaleak.
EAJren feudo historiko izandako Azpeitia, Busturia edota Igorre bezalako herrietan, alkatetzak EAE-ANVren esku gelditu dira. Herritarrek berria pozik hartu zuten bitartean, jeltzaleak oso haserre zeuden EAk egindako aukerarekin.
Alderdi ekintzaileak Arabako Trebiñuko Konderrian ere lortu du hautetsiak izatea. Datozen lau urteetan, eta historian lehenengo aldiz, Trebiñu herriko eta Argantzoneko udaletan zinegotziak izango ditu ezker abertzaleak.
Arbizu, Lakuntza, Leitza, Larraun, Goizueta, Araitz, Basaburua, Nabaskoitze eta Bera dira datozen lau urteetan alderdi ekintzailearen esku egonen diren herriak. Horietan, Euskal Herriaren eskubide demokratikoak defendatuko dituzte.
Bizkaian, Alderdien Legearen ezarpenak EAE-ANVko zerrenda ugari bertan behera utzi bazituen ere, 12 udal bereganatzea lortu du ezker abertzaleak. Aitzitik, 1999ko hauteskundeetan, Euskal Herritarrok alderdiak 10 alkatetza lortu zituen.