Aste baten bueltan bi hildako, eta zalapartarik ez
Etxerik ez zuen pertsona bat hil zen, igande gauean, Algortan. Joan zen astean, berriz, jatorriz errumaniarra zen hiritar bat, Marin Costica, hilik aurkitu zuten, Bilbon, lo egiteko erabiltzen zuen papera biltzeko edukiontziaren barruan. Aste baten bueltan ongizate ereduan bere tokirik aurkitu ez zuten bi hiritar hil dira eta bi heriotz horiek ez dute aparteko zalapartarik sortu.
Izan ere, denbora horretan gatazka politikoari loturiko beste gertakariak lehen mailako berri bilakatu dira. Autobus bat erreta aurkitzeak, dirudienez, etxe bateko sutean hil den txiroak baino arreta handiagoa merezi du gure artean. Bistan da arazo ezberdinetaz ari garela, eta bakoitzari bere esparrua eman behar zaiola. Izan ere, giza eskubideen arloan berdintasunean oinarrituriko tratamenduak aldarrikatzea boluntarismo hutsa izaten bada, gutxienez oinarrizko koherentzia eskatu beharra dago.
Emakumeen aurkako indarkeria hala edo hola «agendan» sartu da. Presentzia hori guztiz eraginkorra den ala ez beste eztabaida da; aldiz, eredu ekonomikoari eta, ondorioz, gure gizarteak sortzen duen aberastasunaren banaketa-ereduari dagokion biolentziak oso arreta eskasa merezi du. Denok galdetu beharko genioke geure buruari ea gure erantzun apalak ez duen ahalbidetzen bizitza duina gutxiesten duen eredu ekonomikoaren inpunitatea.