178 ikasleren «aurkikuntzak eta ilusioak», Guggenheimen bilduta
Gaurtik eta abuztuaren 26ra bitartean, Guggenheim museoak «Artea ikasbide» programaren hamargarren edizioa aurkeztuko du. Bertan, 178 ikasleren «ilusioak, fantasiak eta aurkikuntzak» bildu dituzte, 2006-2007 ikasturtean ekimen honi esker egin dituzten sortze-lanak.
GARA | BILBO
Euskal Herriko bederatzi ikastetxetako 180 bat artista txikik ikasturtean sortu dituzten artelanak Guggenheim Bilbao museoko 103 B aretoan izango dira ikusgai, eta atzo ekimenaren arduradunek ohartarazi zutenez, «haien sortze-lan iradokitzaileek eta erakargarriek harrituta utziko dituzte bertaratzen diren bisitariak».
Erakusketa 6 eta 12 urte bitarteko haurren lanekin osatuta dago, eta ondoko artisten laguntzarekin sortu dira horiek guztiak: Inés Cárcoba, Alex Carrascosa, Ibón Garagarza, Pernan Goñi, Iñaki Gracenea, Julio Hernández, Aiora Kintana, Manu Muniategiandikoetxea eta Jorge Rubio. Hain zuzen, artistok hogei astez aritu dira elkarlanean ikastetxeetako irakasleekin eta Guggenheim museoko hezitzaileekin, proposamen artistiko «interesgarri eta harrigarri» hauek garatzen diren lantegiak taxutzeko.
Haurrak dira abentura sortzaile honen benetako protagonistak eta atzoko prentsaurrekoan ekimeneko arduradunek esan zutenez, «harrituta utzi gaituzte berriz ere hasierako proposamenak berriro asmatu dituzten moduagatik eta garatu dituzten ustekabeko konponbideekin. Ikasturtean aurrera eramandako ekintza horietako batzuk iragankorrak izan dira, eta bideoetan eta argazkietan jaso dituzte zenbait kasutan, eta sortu dituzten artelanen bidez beste batzuetan».
«Artea ikasbide» programaz, aldiz, zera gogorarazi zuten: «Jarduera artistikoen bitartez haurrek errazago ikasten dutela kontuan hartuta, eskola curriculumaren hainbat ikasgai sendotzeko ez ezik -matematika, hizkuntza eta literatura, fisika eta kimika edo ingurunearen ezagutza, besteren artean- balio handiko tresna da gaitasun jakin batzuk garatzeko; esaterako, idazmena eta mintzamena, baita talde-lanean aritzen, beste kultura batzuekin elkarbizitzen eta ingurumena errespetatzen ikasteko ere».
Usansoloko Unkina LHI, San Inazioko Intxixu LHI, Ondarroako Zaldupe LHI, Erandioko Altzaga LHI, Bilboko Mina del Morro LHI, Idiazabalgo Aita Ipa- rragirre LHI, Lasarte-Oriako Sasoeta-Zumaburu LHI eta Zamudioko LHI ikastetxeetakoak dira ekimenaren aurtengo edizioan parte hartu duten ikasleak.
Urtemuga biribil bikoitza
2006-2007 ikasturte honetan, «Artea ikasbide» programak hamargarren edizioa beteko duGuggenheim Bilbao museoaren hamargarren urteurrenarekin batera. Hamar urteotan ia 1.500 ikaslek garatu dituzte gaitasun desberdinak eta «pertsona gisa garatu dira, irudimena, ahalegina, dibertsioa eta ikaskuntzarekin bat», erantsi zuten atzo.
1998an abian jarri zenetik, 30 artista eta Euskal Herri osoko hiru hizkuntza-ereduetako Lehen Hezkuntzako 77 ikastetxetako 100 bat irakasle aritu dira elkarlanean Guggenheim Bilbao museoko hezitzaileekin batera ekimen hau garatzen.
Artea tresna baliagarria izatea helburu bezala hartuta, curriculumaren ikasgaiak ez ezik, haurrek beren buruan garatzen eta etorkizunean gizartean moldatzen lagunduko dieten balore jakin batzuk ezagutu, aztertu eta ikasi dituzte.
Euskal artisten ekarpena
Bestalde, ekimen honi esker, museoak bere «misio estrategikoetako» bat bete ahal izan du, hau da, euskal artisten komunitatea museoaren proiektuetara hurbiltzea eta proiektu horietan integratzea. Hala, hamar urteoetan artista sortu berriak nahiz bere ibilbidea sendotu duten beste batzuk inplikatu ditu «Artea ikasbide» programan.
Carmelo Argaiz, Aimar Arriola, Ines Carcoba, Alex Carrascosa, Oier Etxeberria, Ibon Garagarza, Iñaki Gracenea, Julio Hernandez Grima, Aiora Kintana, Roberto Landeta, Iratxe Larrea, Edu Lopez, Maider Lopez, Manu Muniategiandikoetxea, Mertxe Periz, Ana Isabel Roman, Jorge Rubio, Guillermo Sanchez Asua, Nerea Zapirain eta Begoña Zubero dira hamar urteotan programan lantegiak eman dituzten artistak.
Ekimenarekin haurrak artearen bidez heztea lortu nahi da, bai eta hezkuntza-munduaren eta bertako protagonista diren haurren arteko elkargune izatea. Lehen Hezkuntzako ia 1.500 ikaslek, 100 bat irakaslek eta 30 bat artistek parte hartu dute dagoeneko bertan.
Tokia: Guggenheim Bilbao museoko 103 B aretoan.
Noiz: Gaurtik eta abuztuaren 26ra artean.
Babeslea: BBK.