Gazte eragileak protagonista atzo 18/98ko auzipetuak Gernikan egiten ari diren itxialdian
GARA | GERNIKA
18/98 makrosumarioaren baitan epaitu dituzten auzipetuak itxialdian dira Gernikan, igandeaz geroztik. Bertan, eskubide zibil eta poli- tikoen urraketari ezezko «sendoa» esan eta berriz ere, era honetako epaiketak egin ez daitezen aldarrikatzea dute xede.
Hiru hilabete dira Auzitegi Nazional espainolean ahozko saioa amaitu zela. Orain auzipetuek sententziaren zain dira eta epai horrek ekar ditzakeen arriskuen berri emateko aprobetxatu nahi dute itxialdia. Era berean, euskal gizartean gogoeta bultzatu nahi dute auzipetuek eta horretarako eragile andanarekin bilduko dira, guztien artean, eskubide zibil eta politikoen inguruko gogoeta komuna gauzatzeko.
Atzoko egunean, EGI gazte erakundearekin eta Euskadiko Gazte Kontseiluarekin izandako bilerekin ekin zioten egunari auzipetuek. Ondoren, Euskal Herriak Bere Eskolarekin izan zuten hitzordua. Arratsaldean, ordea, Segi gazte erakundearen eta Euskal Herriko Gazte Kontseiluaren txanda iritsi zen.
Euskal Herrian eskubide zibil eta politikoek duten egoera aztergai izan zen bilera horietan, baita egun aurki daitezkeen gabezi demokratikoak ere. Egoera horiek guztiak ateratzear dagoen epaian izango duen eraginaz ere luze eta zabal aritu ziren parte-hartzaileak.
18/98 eta antzeko epaiketen kontra gauzatu beharreko «herri erantzuna» ere izan zen bileretako gako nagusietako bat.
Eguerdi partean, «18/98 berriro ez!» leloarekin, Gernikako merkatuan elkarretaratzea egin zuten auzipetuek, epaiketa horiek sala- tzen zuten eskuorriak banatzen zituzten bitartean.
Euskal presoak herriratzearen alde astero Gernikan egiten duten konzentrazioan ere parte hartu zuten itxialdian dauden lagunak. Egunari amaiera emateko, Astran gazte mugimenduari buruzko hitzaldian izan zen.
Gaur, herri mugimendua
Gaurko egun osoan, herri mugimenduetako ordezkariak izanen dira Gernikan, 18/98ko auzipetuekin biltzeko. Eguerdian, elkarretaratzea egingo dute Merkurion eta 19.30ean oroimen historikoari buruzko zinema-foruma egingo dute Kultur Etxean.
Bihar, aldiz, adierazpen askatasuna izango da auzipetuek aukeratutako hizpide nagusia. Hortaz, 19.30etik antzinera, Arizpe Elkartean «Gatazka politikoak, errepresioa eta hedabideak» izenburupeko hitzaldia izango da Mariano Ferrer, Maite Ubiria eta Martxelo Otamendirekin.
Ostiralean, itxialdiari amaiera emateko, eguerdian elkarretaratzea izango da eta 19.30etik aurrera manifestazioa izango da Gernikako kaleetatik. Ondoren, Merkatu Plazan ekitaldi politikoa egingo dute 18/98 makrosumarioko auzperatuek.