GARA > Idatzia > Pilota

Berezkoak

Ibarrola-Etxeto erraz sailkatu dira Elhinako finalera

40 eta 14 irabazi zieten Idiarti eta Harizmendiri lehen finalerdian

Jon LEUNDA | BAIONA

Ibarrolak eta Etxetok lortu dute Armendaritzeko Torneoko finala jokatzeko txartela, finalerdietan Idiart eta Harizmendi 40 eta 14 menderatuta. Norgehiagoka honek 55 minutu iraun zituen.

Horrelako emaitza bat ikusten denean, argi eta garbi izaten da zer gertatu den, horrelako aldeak ez baitira kasualitatez izaten. Herenegun aratsaldean, irabazleek sekulako partida egin zuten, eta aurkarien gainetik pasa ziren.

Harizmendi ezker pareteko profesionala da. Aspe enpresan ari da eta garbi geratu zen une honetan ezin duela trinketeko onenen aurka jokatu. Gainera, sasoirik onena duen atzelaria egokitu zitzaion aurrean, eta Thierry Etxetok ez zion inolako aukerarik eman, erabat menperatu baitzuen.

Ibarrola, berriz, aurrelari arriskutsua da, saketik kintze ainitz egiten ditu, baina herenegun ez zituen horrenbeste egin, zortzi besterik ez baitziren izan. Hori bai, irabazleak hasieratik amaierara nagusitu ziren.

Aurkariak

Patrick Ibarrolak eta Thierry Etxetok finalean aurrez aurre zein izango dituzten jakiteko itxaron egin beharko dute, datorren igande arratsaldean jokatu- ko baitute beste finalerdia. Bertan, Etxeberri eta Ozafrain Waltariren eta Kurutxariren aurka jokatu beharko dute, eta partida horren irabazlea izango da Armendaritzeko final handian.

Herenegun erabat bete egin zen Armendaritzeko trinketea, eta datorren asteburuan ere ez da gutxiago izango, Waltari izango baita bertan. Kubatarrak oporrak izan ditu, eta aste honetan bertan helduko da Euskal Herrira. Berez, Kurutxarik eta berak faborito izan beharko lukete, baina hiru aste oporretan egonda, ikusgai dago zer-nolako maila ematen duten. Binakako Txapelketaren ostean, Donibane Garaziko Torneoa irabazi zuen amerikarrak, baina geroztik nahiko nekatuta sumatu zen, eta horregatik eman dizkio enpresak oporrak. Orain agian, denbora beharko du bere sasoi puntua berreskuratzeko, baina zaleek ez dute itxaron nahi, eta lehen egunetik Waltaririk onena ikusi nahi dute. Etxeberri eta Ozafrain ere ahaleginduko dira bere partida egiten, eta aurreikuspen guztiak apurtzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo