GARA > Idatzia > Herri-kirolak

SEGA Euskal Herriko Txapelketa

Alkorta eta Gabirondo arazorik gabe sailkatu dira

Lehenengo eta bigarren geratu ziren Gasteizen jokatu zen hirugarren eta azkeneko kanporaketan, eta finalerdietarako bidea egin dute

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Ez zen inolako ezusterik izan herenegun eguerdian Gasteizen jokatu zen Euskal Herriko Txapelketako final-laurdenetako azkeneko kanporaketan, eta Alkortak eta Gabirondok lortu zuten finalerdietan izateko txartela. Orduerdia izan zuten lanean aritzeko, eta tarte horretan belar kilo gehien mozten zuten bi segalariek egingo zuten aurrera, eta bi faboritoek ez zuten hutsik egin.

Jendeak bazuen Alkortaren eta Gabirondoren erreferentziarik, biak ari baitira jokatzen Gipuzkoako Txapelketa, baina ez Goioagarena, oraindik ez baita hasi Bizkaiko lehiaketa; baina zaleek gipuzkoarrengan zuten itxaropena bete egin zen.

Alkortak eta Gabirondok lehia ederra izan zuten norgehioagoka osoan, eta amaieran 45 kilok erabaki zuten auzia lehenengoaren alde. Hala ere, helburua finalerdietan izatea zen, eta hori biak lortu zuten. Alkorta izan zen onena, 2.044 kilo moztea lortu baitzuen. Bigarren, berriz, Gabirondo sailkatu zen. Honek, 1.999 kilo moztu zituen, eta Goioagak, berriz, 1.870,5 kilo.

Final-laurdenak amaitu dira, eta izena eman duten bost segalari gipuzkoarrak lortu dute finalerdietarako txartela. Hauekin batera, Jon Lapazaran bizkaitarra ere izango da.

Final-laurdenak amaitu direnean, finalerdiak nola jokatuko diren erabakita daude. Multzo batean, Goikoetxea, Lapazaran eta Alkorta neurtuko dira, eta bestean, berriz, Arteaga, Ormaetxea etra Gabirondo. Bi multzo hauetatik bi bakarrik geratuko dira kanpoan, izan ere, multzo bakoitzeko bi onenak sailkatuko baitira finalera, eta lau izango dira txapelaren lehian arituko direnak.

Nazioarteko era

Tolosan abiatu zen larunbat arratsaldean Euskal Herriko nazioarteko erako txapelketa, eta bertako helburuetako bat, Europako Txapelketarako selekzioa egitea izango da. Mutiletan 27 partaide izan ziren, eta 100 metro koadro ebaki behar izan zituzten. Nesketan, berriz, bederatzi partaide izan ziren, eta 35 metro koadro ebaki behar izan zituzten.

Azkartasuna eta txukuntasuna uztartzen diren proba honetan, Agirrezabala izan zen onena mutiletan. 3.02 izan zen bere denbora. Bigarren Igor Esnaola sailkatu zen. 3.05 izan zen bere denbora. Honen atzetik Gabirondo sailkatu zen, segundo bat gehiago egin zuen. Laugarren Goenaga izan zen, eta honen denbora, 3.08 izan zen, eta bosgarren Lizaso sailkatu zen errezildarrarengandik bi segundotara. Nesketan, Gabirondo nagusitu zen. 1.08 izan zen bere denbora. Atzetik Garin geratu zen, 1.20ko denbora egin zuen. Hirugarren Antsa izan zen, 1.47rekin, eta laugarren Mazkiaran 1.53ekin.

Lehia estua

Lehia estua eskaini zuten Euskal Herriko Txapelketako azkeneko kanporaketan Alkortak eta Gabirondok, eta azkenean 45 kiloko aldea bakarrik izan zen bien artean. Hala ere, biak izango dira finalerdietan.

Beteranoak

Agirrezabalak eraman zuen, berriz, nazioarteko erako Euskal Herriko Txapelketako lehen saioa. Lazkaokoa segalari bikaina izan zen betiko eran, eta era berrian ere behin eta berriz erakutsi du ederki moldatzen dela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo