ACB Ligako finala, bigarren partida
Berdinketa lortzeko akatsak ekidin nahi ditu Bartzelonak
Lehen partidan, katalanek 15 baloi galdu eta erasoko 19 errebote hartzea utzi zioten Real Madrili. Akatsak akats, azken unea arte aukerak izan zituzten
Aritz SORZABAL | DONOSTIA
ACB Ligako finala berdindu nahi izanez gero, baloiak galtzeari utzi eta defentsako errebotea hobeto itxi beharko du Bartzelonak. Dena dela, lan hori txukun eginda ere, katalanek erronka zaila dute gaur Vistalegren (21.30, La2), Real Madrilek soilik bi norgehiagoa galdu baititu denboraldi osoan etxean -Gran Canariaren eta Joventuten aurka, hain zuzen ere-.
Igandean 69-62 irabazi zuten zuriek. Erasoko 19 errebote jaso zituzten eta ia ez zuten baloirik galdu. Bartzelonak, ordea, hamabost baloi galdu zituen, eta hori gehiegi da partida irabazteko aukerak izateko. Hala ere, akatsak akats, azken minutua arte 0-1 bat jartzeko bidean izan ziren katalanek, baina etxekoek jarraian sartu zituzten bi hirukoek zapuztu zuten helburu hori.
Norgehiagokaren amaieran, sentsazio hori geratu zen: Real Madrilek, denboraldi osoan gertatu bezala, dituen baliabideak egoki erabili zituela une erabakigarrienetan; eta Bartzelona, edozein momentuan esna daitekeen piztia dela, espainolen aurka egindako opariak murrizten baditu bederen. Hortaz, bigarren partidan edozer gauza gerta daiteke.
Alde horretatik, adi Bartzelonarekin. Izan ere, Tau Baskoniaren aurka ere finalerdiko lehen partida galdu baitzuen, baina bigarrenean gasteiztarrak baino gehiago izan zen. Oraingoan ere, euskaldunen kontra bezala, iragana aurka dute Dusko Ivanovic-en mutilek. Estadistikei so eginez gero, 1-0koa jarri izan duen taldeak aurreko urteetan jokatutako 23 finaletatik 21etan eskuratu du txapela. Hots, lehen partidaren irabazleak aukeren %93 ditu txapelketa poltsikoratzeko.
Dena den, igandeko partida bukatu bezain pronto egindako adierazpenetan, Ivanovicek ez zien estadistikei garrantzirik eman. «Kazetarien kontuak dira horiek», esan zuen Montenegroko entrenatzaileak.