GARA > Idatzia > Gaurkoa

Amaia Andrieu, Iñaki Antigüedad, Xabier Isasi, Deine Larrabeiti, Arantza Urkaregi Izenetik Izanera Foroaren izenean

Elebitasun formaletik harantzago

Euskal Herriko Unibertsitatea, UPV/EHU, Euskal Herriko goi mailako hezkuntza erakunde garrantzitsua da, dudarik gabe, bere tamainagatik zein euskaraz ikasteko eskaintzen duen aukeragatik, oraindik ere eskaintza horrek hutsune nabarmenak izan arren. Euskararen normalizazioa UPV/EHUn ondo gauzatzea garrantzi handikoa da, beraz; are gehiago, ezinbestekoa da. Alde batetik, unibertsitatean gauzatutako politika linguistiko egoki batek oinarri balioko izaera sinbolikoa eta eragin biderkatzailea dituelako gizartearen sektore guztietan. Eta bestetik, etxe honetan trebatuko direlako, besteak beste, hainbat eremutan hizkuntzaren erabilpenean eragin handia, zuzen edota zeharka, izan dezaketen pertsonak, ezagutzaren beraren hedapenean unibertsitateak duen berezko proiekzioa eta eginbeharra ahaztu gabe.

Lehenengo normalkuntza planetik hamabost urte luze igarota, UPV/EHUko politika linguistikoa birpentsatu beharra dago, euskararen normalizazio sozialean unibertsitateak duen funtzioan birpentsatu, hain zuzen ere. Gainera, gure ustez, azken urteotan aurrera barik zenbait alderditan atzera egin da. Adibidez:

-Hainbat eremutan euskararen aurkako posizioak indartu dira. Hala nola, estatuen hizkuntza-politika atzerakoiak Frantzian zein Espainian, Europar Batasuneko jarrera hertsia, eta bertoko hizkuntza-politikaren mugak, besteak beste Euskal Unibertsitate Sistemaren Legean hizkuntz politika garatu ez izana eta argitasun falta ekarri dutenak.

-Hizkuntz politika propioaren bultzagileen posizioa ahuldu da. Badirudi EHUko euskararen bultzagileak nekatu egin direla edo. Hamar urtekoan lortutakoa ez da aski izan egiturako elementuak sortzeko eta posizio sendoa izateko. Euskararen bultzatzaileek UPV/EHUn ez dute gaur eragin handirik, bazterrekoak dira, eta zenbaitetan baztertuak ere.

-Euskararen normalkuntzarako estrategia oso argirik gabe Bolognako prozesua arrisku bihurtzen da, aukera izan badaiteke ere. Euskal Herritik kanpoko ikasleriaren premiak, asko gaztelaniadun elebakarrak, ikasleria euskalduna bigarren mailakoa izaten segitzeko arriskua dakar. Dagokion neurrian, UPV/EHUk bere egin behar du bertan titulatutako ikasle euskaldunak lan merkatuan txertatzeko ardura eta oraingo lan merkatuaren inertziari aurre egin.

-UPV-EHUri dagokionez, euskarazko gaitasun linguistikoa duten irakasleen faltagatik nagusiki, gradu ikasketetan ikasleen eskariaren eta erakundearen eskaintzaren arteko tartea handitzen doa; biharko gradu ondokoetan, doktoretzan eta ikerkuntzan euskararen egoera guztiz bazterrekoa izan liteke estrategia oso argirik ezean; administrazio eta zerbitzuetako pertsonalean ezartzen diren hizkuntz eskakizun mailak oso apalak dira eta, gainera, denboran luzatzen dira; ez dago hizkuntzen erabilpenerako norabide-ardatz argirik.

Gauzak horrela, irakaskuntzan, ikerkuntzan eta administrazioan atzerako bidean urratsak egiten jarraitzea baino hizkuntza-politika aurrerakoi eragingarria eta ausarta indarrean jarri behar da. Euskararen aldeko bultzada berriaren alde egiteko bi zutabe ikusten ditugu guk ezinbesteko: euskalduntasuna eta eleaniztasuna.

EUSKALDUNTASUNA, UPV/EHUren funtsezko balio erantsi positiboa delako. Euskara gure hizkuntza da, bai, administrazio publikoan erabili beharrekoa, ere bai, eta zientziaren garapenerako lanabes erabilgarria, ikasgelan zein saiotegian, hau ere bai. Baina, batez ere, gaurko Espainian diren unibertsitateen artean UPV/EHUren balio erantsi bereizgarri nagusia eta zeharkakoa delako euskalduntasuna.

Euskara eta euskal kultura da Euskal Herriko unibertsitateen eremua. Ezinbestekoa da euskal lurraldeetako unibertsitateek beren izatea beren komunitate linguistiko eta kulturalarekiko loturan ezagutzea eta kokatzea. Euskal Herriko unibertsitateen sarea sortuz. Euskal Herriaren mailan egitura akademiko propioak indartuz. Nazioarentzat lehentasuna duten esparruetan profesional onak eta ikerkuntza ona bideratuz.

EUSKALDUN ELEANITZAK, biharko europar hiritarren eleaniztasunaren alde gaudelako eta euskararentzat elebitasuna baino egoera egokiagoa izan daitekeelako. Kontua da elebitasunaren ideia gainditzea eta hizkuntz aniztasunarena jasotzea. Euskararentzat, ingelesaren aldeko apustua oso onuragarria izan daiteke eta, horregatik, norabide horretan ez ibiltzea ulergaitza suertatuko litzateke. Eredu linguistikoak gradu ikasketetan euskararen nagusitasuna bermatu behar du eta gradu ondokoetan eta ikerketa mailan multilinguismoa bideratu, beti ere beharrezko plataformak sortuz euskarak bertako komunikazio zientifikoan dagokion tokia izan dezan eta euskarazko produkzio akademikoa atzerriko hizkuntzetan hedatzeko.

Zutabe bi horiek oinarri, UPV-EHUko Izenetik Izanera Forokideen ustez, instituzio honek 2007-2012rako aurkeztu berri duen Euskararen Plan Gidarian hainbat konpromiso hartu behar dira bosturteko horretan gauzatzekoak, kasu batzuetan, edo gauzatzen hastekoak bihar-etzikoari begira: graduetako irakaskuntzan euskarari nagusitasuna eskaini beharko litzaioke eta gradu ondokoetan eta ikerkuntzan eleaniztasuna bultzatu beharko zen euskararen neurriko presentzia bermatuz. Elebitasun formaletik euskararen benetako erabilerara pasatu behar da. Bi helburu hauek aurrera eramateko derrigorrez administrazio eta zerbitzuetako langile, ikerlari eta irakasleen esparruan euskaldunen kopurua modu esanguratsuan handitu behar da. Beharrezko plataformak sustatu behar dira komunikazio zientifikoan, euskaraz sortua hizkuntza zientifikoetan, ingelesez nagusiki, munduratzeko eta beste hizkuntzetan sortua euskaldunen komunitateari euskaraz hedatzeko, zein bere eremuan, zein bere neurrian. Eta zalantzarik ez, horrek denak aurrera egiteko, Jaurlaritzak behar diren baliabide ekonomikoekin lagundu beharko luke. Hitzak huts utz ez ditzaten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo