GARA > Idatzia > Gutunak

txus congil infantes Hernaniko Prebentziorako udal teknikaria

San Joan jaiak eta alkohola

Eusko Jaurlaritzaren Droga-mendekotasun gaietarako Zuzendaritzak «Alkoholik adingabekoei? Tantarik ez» kanpaina jarri du martxan, eta Hernaniko Osasun eta Gizarte Ongintzarako Udal Patronatuak bat egin du kanpaina horrekin.

Patronatuaren Prebentziorako Udal Zerbitzuak pentsatzen du gure herrian, euskal gizartean, oso toleranteak garela edari alkoholdunekin. Baita uste dugu helduok ardura handia dugula gai honetan ere.

Hamaika bider aipatu izan dugu gure gaztetxoek gehiegi edaten dutela, pena dela hain gazteak izan eta jaietan nola ibiltzen diren ikustea... Egia da adingabeko neska-mutil askok gehiegi edaten dutela, bai jaietan, kalean, tabernetan, txosnetan... baita etxeetan ere. Baina egia da, aldi berean, helduok erosi, eman edota saltzen dizkiegula edari alkoholdunak. Eta bigarren egiaz ez dugu hitz egiten edo ez dugu hori ikusi nahi izaten.

Badakigu alkohola edatea helduon eskubideetako bat dela. Baina eskubideen gainetik ardura dugu, gure adingabeko neska-mutilak babesteko ardura, besteak beste.

San Joan jaiak heltzear dauden honetan nabarmendu nahi dugu egoera horrekin ezin dugula jarraitu eta helduok garela, nahitaez, gaztetxoen erreferenteak.

Horregatik guztiagatik, datorren astelehenean karpa bat jarriko dugu Gudarien plazan. Bertan, nahi duenak alkoholimetro proba egiteko aukera izango du. Proba hori egin eta negatibo ematen dutenei agiri hau emango diegu: «Agiri honen bitartez ziurtatzen dut badakidala primeran pasatzen pasatu gabe».

Izan ere, neska edo mutil bat mozkortuta ikusten dugunean pena sentitzen dugu, eta heldu bat ikusten dugunean lotsa.

Oharra: alkoholimetroan putz eginez 0,25 baino gehiago ematen baduzu ondo egon zaitezke festarako, baina gogoratu ezin duzula autoa hartu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo