Laura Mintegi Idazlea
Gizonezkoen malkoak
Harrigarria suertatu ohi zait gizonezkoak malkotan ikustea telebistan. Kosta egiten zaie hastea baina, behin hasiz gero, begiak malkotan blai, mukiak ezin kendu eta ezpainak darkarka azaltzen dira, sufritzen ari diren mina bene-benetakoa eta barne- barnetik datorkiela nabarmen utziz, ezin diote eutsi barne-isuriari. Harrigarria. Harrigarria da, batez ere, malkook ez direlako ahultasun zantzutzat hartzen, alderantziz. Kazetari ahozikin eta mihigaiztoek ere, gizon publikoak edozergatik larrutzeko prestu daudenek, pertsonaiaren trantze latza aipatzen dute harrigarriki, eta ez dute esaten gizontasun nahikorik ez duenik, edo «damisela» baten moduan jokatzen ari denik, gutxiagoagatik erraz asko esango luketen moduan.
Zergatik? Zergatik onartzen zaio kirolariari malkotan agertzea jardun profesionala utzi behar duenean, edo politikariari legealdia amaitzear dagoenean urte askoren ostean, edo entrepresako gizonari erretirurako unea heldu zaionean? Zergatik egin dezakete negar jendaurrean eta ez dira ahulak? Gizartean onartu egin da, behingoz, sentimenduak jendaurrean agertzea ez dela lotsatzekoa?
Ez, zoritxarrez ez da horrela. Oso une bakanetan dira onargarriak gizonezkoen malkoak. Onargarriak dira agerian uzten dutenean zerk duen egiazko garrantzia, botore-eremua non dagoen, eta botere-zatiak galtzeagatik negar egiten bada ez da lotsagarria. Boterearen garrantzia indartzen du, denek ulertzen dutelako mingarria dela estatusa galtzea.
Negar egin daiteke liderra izateari utzi zaionean, edo nagusiaren rola beteko ez duenean edo presidentzia galduko duenean, zeren, onartua baita orain arteko estatusa arloaren gailurra zela, gorengo postua. Beraz, hainbat urteren ondoren ezin badiozu eutsi futbol-taldeko kapitaina izateari edo estatuko presidentea, justifikatuta dago negar egitea. Malkoek, honela, indartu egiten dute galdutakoa. Ez da ahulezia, baizik eta postuaren garrantzia agerian jartzea, status quo mantentzea. Honela ulertzen dira gizonezkoen malkoak jendaurrean, botere-klabean.
Oso bestelakoa litzateke malkotan ikustea beste egoeretan, emazteak dibortzioa eskatu dionean, esaterako, edo seme-alaba jaio eta pozaren pozez negar egingo balu. Malko hauek ahulak dira, afektiboen eremuari dagozkio eta, beraz, ezkutatzeko modukoak.
Keinu berberak ez du beti esanahi bera. Beste adibide bat. Afrikako mendebaldean gizon-gizonak direnak, egiatan arrak, artasun seinale gisa eskutik lotuta joaten dira kaletik. Europan homosexualitate keinua izango litzatekeen hori -ahula, ikuspegi matxistatik ikusita- afrikarrentzat botere seinalea da: emakume batekin loturik joatea ahu- lezia da ordea, emakumea bigarren mailakoa delako, eta txikiagotu egiten du gizona; beste gizon batekin joateak balioesten du. Egiazko arrak arrari ematen dio eskua jendaurrean, biak boteretsuak direla erakusteko. Eta negar egin dezakete, noski, baina boterea galtzen dutenean.