Putz eta putz dator Zornotzako Haizetara fanfarre festa
Fanfarreen arteko jaia ospatuko da asteburu honetan bigarrenez Zornotzan, bihar hasi eta igandera arte. Bederatzi banda lehiatuko dira bertan, haietatik zazpi nazioartekoak. Ekitaldia biribiltzeko, bigarren eskuko musika tresnen azoka eta Beatles taldeari buruzko erakusketa.
Anartz BILBAO | BILBO
Uda hastearekin batera kalera egiten du festak eta beroa profitatuz doinu alaienak eskaini ohi dituen fanferreen arteko lehiaketa antolatu du bigarrenez Zornotzak, musika delako denok ulertzen dugun hizkuntza unibertsalena. Bederatzi dira asteburu honetan herriko zokoak astinduko dituzten bandak, eta jaia osoa izan dadin, erakusketa, azoka, sagardotegi eta beste ere izango da.
Lehiatuko direnen artean bi dira etxeko fanfarreak. Amama Luisa Brass Band dugu bat, hamaika musikariz osatutako marching banda, New Orleanseko doinuak oinarri dituena. Old School Funky Family bestea, funk doinu beroak jorratzen dituen Baionako banda.
Nazioartera salto eginez, bi banda amerikar. The Carnival Band Vancouver hiritik dator, Kanadatik, eta reggae musika jazzez nahasten du. Hogei musikarik osatutakoa dugu bestea, Hungry March Band Broklyngo talde alai eta mozorrozalea.
Gironatik etorriko da La Banda del Surdoren batukada grinatsua, Bruselatik Alimentation Generale fanfarre berritzailea eta Italiatik Camillocromo, herri musikak nahasten dituena. Coimbra hiritik Dixie Gringos zortzikote portugaldar alaia eta Estatu frantziarretik funk, salsa zein punka jorratzen duen No Water Please. Ostiral iluntzetik igande eguerdira arte joko dute sailkatutako bandek eta txapeldunak 9.000 euro jasoko ditu.
Publikoaren saria 4.000 eurokoa da, eta musikaririk onenarentzat bada 1.000 euroko beste sari bat ere.
Lehiaketatik kanpo inguruko bandek ere parte hartuko dute jardunaldietan. Alta, musikaz gainera Beatles laukoteari buruzko erakusketa jarriko da Zelaieta aretoan ikusgai bihartik uztailaren 12ra bitarte, eta toki berean bigarren eskuko musika tresnen azoka erraldoia burutuko da, larunbatean.
Nazioarteko bederatzi fanfarre ez ezik, bigarren eskuko musika tresnen azoka ere egingo da bigarrenez ospatuko den jaialdian. Luthier lanbidearen erakustaldia ere izango da larunbatean, Zelaietan.
Bandak: The Carnival Band, Alimentation Generale, Camillocromo, No Water Please, Dixie Gringos, La Banda del Surdo, Old School Funky Family, Amama Luisa Brass Band eta Hungry March Band.
Data: Bihartik igandera.
Lekua: Zornotzako plaza eta kaleak.
Ordua: Egun osoan zehar.
Info. gehiago: <www.haizetara.com>