Disko berriak Aritz Sound System
Reggaearen hauskortasunaren hotsa
Abeslari batzuek musikarekiko duten maitasuna benetan miresgarria da. Horace Andyk 16 urte zituenean grabatu zuen bere lehenengo kanta (1967. urtean zehazki) eta, orduz geroztik, musikaren munduan murgilduta ibili da buru-belarri. 70eko hamarkadan, Jamaikan arrakasta handia izan zuten kantuak grabatu zituen («Skylarking», «Jah Jah Children», «Money is the root of the devil», besteren artean) baina uhartetik kanpo ez zuen horrenbesteko oihartzuna lortu (Ingalaterran izan ezik).
80ko hamarkadaren erdialdean sustraizko reggaeak indarra galdu zuen eta reggae abeslari askorentzat oso urte gogorrak izan ziren. Bitxia da baina, azken urteotan ,sustraizko reggae hori jorratu duten talde eta abeslari asko Europan reggae musikak izan duen berpizkundeari esker mantendu izan dira. Jamaikako gazteen artean sustraizko reggaeak ez du arrakastarik izan, eta Europako gazte zuriengan sortu den zaletasunari esker «bizi» dira musikariok.
Zoritxarrez, hauen artean ere Horace Andy ez zen oso ezaguna eta Bristolgo Massive Attack taldearekin egindako kolaborazioei esker lortu du entzutea. Massive Attacken distira itzali egin da, baina Horace Andyk diskoak kaleratzen jarraitzen du. Azkena, Sly and Robbie bateria eta baxu- jotzaileen eskutik etorri da, eta kantu berriekin batera 70eko hamarkadako bere abesti «klasiko» batzuk ere berreskuratu ditu. Donostiako Jazzaldian zuzenean ikusteko eta entzuteko aukera izango dugu aurki.