Askoren artean Paula Lima Breakin Bread
«Lets's boogaloo vol.4» (Record kicks, 2007) «sinceramente» (indie records, 2007) «presents dirtybreakinfunkandhiphop» (Breakin Bread records, 2007)
Boogaloo-a erritmo lainoak eta soul eta rock & roll musiken arteko nahasketa da. 60ko hamarkadaren bigarren erdian arrakasta handia izan zuen AEBetako latin auzoetan. Kritika asko jaso zituen komertziala eta zurien belarrietara gozatutako erritmoa omen zelako. Azken urteotan Europako hainbat dantzalekutan boogaloo kantuak berreskuratu dituzte, eta orain Portishead taldeko disko jartzailea den Andy Smith-ek boogaloo eta funk ukitua duten kantuekin bilduma osatu du.
Harrigarria da brasildarrek «arrotzak» zaizkien erritmoak bereganatzeko duten trebezia. Azken urteotan musika elektronikoarekin (drum&bass eta housa bereziki) gertatzen ari bada ere, funk edo jazza bezalako estiloak duela asko bereganatu zituzten. Paula Lima abeslaria maisu da funk erritmoak sanba doinuekin elkartzen. Auzo txiro edo faveletako dantzalekuetan sukarra eragiten duten elektro-funk doinu zakarretatik aldendu da eta jazz kutsu dotorea eman die kantuei.
Breakin Bread kolektiboa 1998. urtean sortu zen Londresen. Hasiera batean disko jartzaileen kolektiboa zen eta festak antolatzen zituzten Brixton auzoan. Denborarekin grabazio disko etxea sortu zuten eta beren irratsaioa dute. Disko bilduma honetan Breakin Bread kolektiboko irratsaio zein festetan entzun daitezkeen kantuak jaso dira eta izenburuak «argi eta garbi» adierazten duen moduan rap eta funk estiloetako erritmo zikinak aurkituko ditugu bertan.