Erasoak eta hipokrisia Palestinaren kontra
Palestina Israelen eraso militarren jomuga izan zen atzo ere, Gazan eta Zisjordanian. Baina Israelgo Gobernuak erasoei eusten dien bitartean, eskua eskaini die palestinar gobernuetako bati, palestinarrek hautatu ez zutenari, hain zuzen. Israelek, AEBek eta beti atzetik doakien Europar Batasunak promes egin eta beren interesen araberako bidetik eraman nahi dute gatazka hura. Hori esku-sartze onartezina baino ez da, palestinarren erabakia errespetatu ez eta, gainera, boikoteatu egin baitute. Nazioarteko komunitatearen jarrera interesduna, beraz, ez da demokratikoa, inondik ere, Palestinako gobernu legitimoa Hania lehen ministroarena baita, hura gustuko izan edo ez. Bestetik, Palestinako Gobernuari egindako boikota nork jasaten duen jakinda ere, orain artean hari eutsi diote, demokraziaren izenean; baina hamarkadetako praktikak gezurtatu egiten du haien jarreraren izaera demokratikoa, diktadura eta gobernu ez-demokratiko asko ez boikoteatzeaz gain, sostengua ere eman izan baitiete. Israel bera da adibiderik argienetakoa, NBEren ebazpenak bete gabe ere, nazioateko komunitateak halako lejitimitatea eman baitio. Orain Palestinako Aginte Nazionalari laguntzak emateko prest agertu da, eta ez dirudi kasualitate hutsa: azken egunetan AEBen eta Israelen zenbait planen berri eman dute, hango egoera «arintzeko» asmoz. Besterik da zer arindu duten.