GARA > Idatzia > Kultura

Altsasuk Euskal Herriko XIX. Eskolarteko Bertsolari Txapelketa hartuko du etzi

Burunda pilotalekua izango da bertsolari gaztetxoen lehiaren finalaren lekuko. Bertarako pasea lortu dutenak bi taldetan bereizten dira, adinaren arabera betiere, eta hitzorduak berak ere bi saio izango ditu.

GARA | ALTSASU

Urtero bezala, Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioak antolatu du etzi, larunbatean, eskolarteko txapelketa, eta bertan bi mailatan banatuta arituko dira Euskal Herri osoko bertsolari gaztetxoak.

Txapelketak bi maila bereizten ditu: batetik, 14 urte artekoak, eta bestetik, 15 eta 18 urte bitartekoak. Horiek hala, eta azken hilotan herrialde bakoitzean lehiatutako saioen ostetik, gazteek beren abilezia erakutsi beharko dute, finalerako pasea lortzeko agertu behar izan duten bezalaxe, alegia.

Gaztetxoen mailan, esaterako, 14 finalistek osatzen dute zerrenda. Hauek dira bertsolariak: Gillermo Vegas (Argantzun, 14 urte), Elyem Chef (Legutio, 13 urte), Nerea Ibarzabal (Markina, 13 urte), Elene Lejarzegi (Lekeitio, 14 urte), Amaia Iturriotz (Urretxu, 14 urte), Imanol Irazustabarrena (Alegia, 13 urte), Paxkal Iriart (Baiona, 14 urte), Ortzi Murua (Azkaine, 12 urte), Josu Sanjurjo (Lesaka, 13 urte), Irati Majuelo (Iruñea, 14 urte), Eñaut Zaldunbide (Anhauze, 12 urte), Mikel Cherbero (Irulegi, 12 urte), Gillen Negeloua (Urdiñarbe, 14 urte) eta Johaiñe Sarraillet (Lakarri, 10 urte).

Lehian aritu beharko diren 15 eta 18 urte bitartekoak, aldiz, hauexek dira: Ander Solozabal (Gasteiz, 17 urte), Ekaitz Samaniego (Gasteiz, 17 urte), Jone Uria (Algorta, 17 urte), Miren Amuriza (Berriz, 17 urte), Hodei Iruretagoiena (Zarautz, 18 urte), Mikel Olaizola (Elgoibar, 16 urte), Alazne Untxalo (Ituren, 18 urte), Iker Gorosterrazu (Ituren, 17 urte), Kristine Txoperena (Hendaia, 17 urte), Maddalen Arzallus (Hendaia, 16 urte), Bixente Luku (Donibane Garazi, 15 urte) eta Mattin Luku (Donibane Garazi, 15 urte).

Egin beharrekoak

Gaztetxoenek gai baten inguruan egin beharko dute hasierako bertsoa. Bi talde izango dira, eta bertsolariak aurreratu heinean botako du bertsoa.

Lau oinak emanda zortziko txikian bertso bana egingo dute. Hemen ere zazpiko bi talde egongo dira, eta bertsolariak aurreratu bezain pronto botako du berea. Eta, binaka ofiziotan bina bertso zortziko txikian. Hortik aurrera, hasierako hamalauetatik 6 bertsolari puntuatuenek jarraituko dute eta hitza emanda bertso bana kantatu beharko dute, zortziko handian zein txikian. Binaka ofiziotako gaian, bina bertso zortziko handian.

Horiek ez ezik, gazteen mailan arituko direnak zozketaren arabera eutsi beharko diote saioari. Agur bana egin beharko dute modu tradizionalean. Ostean, aldiz, binaka ofiziotako gaian, bina bertso zortziko handian. Eta, binaka ofiziotako gaian, hiruna bertso zortziko txikian.

Hamabi lagunetatik sei hautatuko dituzte gero, eta kartzelako lanari ekin beharko diote: puntuari erantzun eta gaia emanda bi bertso (gehienez bost puntuko bertsoak).

Finaleko hitzorduak bi saio izango ditu. Goizean, 11.00etan, txikienen txanda izango da; eta nagusiagoek 15.30ean abiatuko dute haien lehia.

Aurkezle eta gai-jartzaile lanetan Alaitz Rekondo lesakarra izango dute. Epaile bezala, berriz, Ekaitz Elorriaga (Araba), Mirari Azula (Bizkaia), Nahikari Gabilondo (Gipuzkoa), Eneko Bidegain (Lapurdi), Jon Abril (Nafarroa) eta Erik Etxart (Nafarroa Beherea) izango dituzte.

Igor Muniategik, bestalde, idazkari lanak beteko ditu Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketa horretan.

Fitxa

Non: Altsasuko Burunda pilotalekuan.

Noiz: Etzi. Bi saio izango dira. 11.00etan lehenengoa (14 urte artekoak), eta 15.30ean bestea (15-18 urte artekoak).

Antolatzailea: Ikastolen Konfederazioa, Bertsozale Elkartearen lankidetzarekin eta Altsasuko Udalak babestuta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo