GARA > Idatzia > Kultura

kronika,igartubeiti museoa

XVII. mendeko euskal baserritarren bizimoduan barna bidaia birtuala

Duela lau mendeko euskal baserritarren bizimoduaz interesa duenak Igartubeiti Museoan ase dezake jakin-mina. Berrogeita bost minutuko bidaia da eta, paradoxikoa bada ere, iraganera bidaiatzeko puntako teknologiaz baliatzen dira.

Ezkio-Itsason, Goierri bihotzean dagoen Igartubeiti Museoak euskal baserriaren interpretazio zentroa izan nahi du, hau da, bisitariak eraikinaren barruan daudenean XVII. mendeko euskal herritarren bizimoduan murgil daitezen da euren helburua. Hori lortzeko euskarri modernoenez baliatu dira. Eraikina 2001etik bisita daiteke baina orain museoa osatu dute. La- runbatean, hilaren 23an, zabalduko dizkiote ateak publikoari.

Interpretazio zentroak erakusketa iraunkorra, erabilera anitzeko gunea (aldi baterako erakusketak eta tailer pedagogikoak), jendearen arretarako gunea eta zerbitzu osagarriak ditu. Zerbitzuon artean, denda, sagardoa dastatzeko txotx gunea eta edari eta janari makinak daude. Horretaz gain, bulegoak eta biltegiak ere baditu.

Erakusketa gunean zinema proiekzioak, antzerki birtualak eta hiru dimentsioko irudiak daude. Halaber, Igartubeiti baserriko familiaren eta auzotarren ahotsek garai hartara garraiatzen dituzte bisitariak. Horiek baserritarren eguneroko lanaren, sinesmenen, jateko ohituren eta ondo pasatzeko moduen berri ematen diete. Funtsean, orduko garaiak biziarazten dituzte.

Hiru hizkuntzatan

Gainera, bisita gidaririk gabe egin daiteke, ibilbidean zehar topatzen diren elementuek, hala nola, argiak eta soinuek, bisitariak gidatzen dituztelako. Esperientziak hiru ordu laurden dirau eta euskaraz, gazteleraz eta ingelesez bizi daiteke.

Ibilbidean ikusmena eta entzumena landu ostean, ukimena eta gozamena ere lantzeko aukera dago. Horretarako, aisialdiko gunera jo dezake bisitariak ukimenezko pantailak sakatzera eta sagardoa dastatzera.

Ezkio-Itsasoko eraikina Gipuzkoako Diputazioak erosi zuen 1992an. Ordutik egindako berrikuntzek baserriaren jatorrizko egitura eta itxura berreskuratu nahi izan dute. Igartubeiti baserria XVI. mendean eraiki zuten eta XVII. mendean handitu. Barruan duen sagardoa egiteko habe luzeko dolarea baserriaren bereizgarrietako bat da, Euskal Herrian dauden gutxietako bat baita.

Berrikuntzaren lehenengo fasearen ondoren, 2001ean, jendeari zabaldu zioten. Orain amaitu berri duten fasean, ostera, museo izateko ekipamendua osatu dute.

Igartubeiti baserri-museoko interpretazio zentroa osatzeko 2,6 milioi euro inbertitu ditu Foru Aldundiak.

Baserria zabalik dago asteazkenetik igandera, 10.00etatik 14.30ak arte. Larunbatean arratsaldez ere bisita daiteke, 15.30etik 17.30era. Ohiko sarrera 1,20 eurokoa da, ostegunetan izan ezik, egun horretan doan bisita daitekeelako.

GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo