Aterbea zentroak eskaintzen dituen bergizarteratze tailerrak arriskuan
Aterbeak, Ipar Euskal Herriko etxerik gabeko jendea hartzeaz arduratzen den elkarteak, azaldu du ikastaroentzako finantziazio publikorik ez izateak ezin duela jarraitu. Gizartean baztertua bizi den jendearentzako integrazio tailerrek 2005etik ez dute diru-laguntzarik.
GARA |
«Integrazio tailerrak arriskuan dira», adierazi zuen argiki Aterbeako presidente Olivier Picotek asteartean egin zen biltzar orokorrean. Bergizarteratze ikastaroak 1973an sortu ziren, zentrora joaten diren pertsonak laguntzeko. 1999ra arte Estatu frantsesak finantzatzen zituen tailerrak, eta 2000. urtean Europako funtsekin ordaintzen hasi zen. Europatik heldu diru-laguntzak 2005ean bukatu ziren eta geroztik ez da laguntza ekonomiko publikorik izan.
2006. urtean Aterbea elkarteak tailerrak egiteak ekartzen duen mentsa bere gain hartzea erabaki bazuen ere, egoera horrek ezin duela jarraitu argi utzi zuen Olivier Picotek. Aterbearentzat tailer horiek baliabide oso garrantzitsua dira, baina urtean 80.000 euroko karga ekonomikoa ekartzen dute eta elkarteak ezin dio beste urte batez aurre egin.
Tailerrek duten garrantzia eta eragingarritasuna nabarmena dela jakinarazi zuten elkarteko arduradunek aurkeztu datuekin. «Ehun bat pertsonek lan egin zuten 2006ean eta %80 jarduera profesional normalizatua lortzeko gai izan da gero» jakinarazi zuen Aterbeako presidenteak. Hiru aktibitate ezberdinetan lan egiten dute tailerretan: etxe sozialen berritzea, lorezaintza eta aeronautikarako egurrezko piezak egitea.
Laguntza berria Interneten
Elkarteak bere Internet orri berria ireki du urrundik ere lagundu ahal izateko. Informazioa lortzeko zailtasunak dituzten pertsonengana ere heldu nahi du Aterbeak. Ipar Euskal Herriko barnealdean genero bortxakeria pairatzen duten emakumeengana heldu nahi dute bereziki. Emakume askok laguntzak jasotzeko egiturak ezagutzeko zailtasunak izaten dituzte.
«Ehun bat pertsonek lan egin zuten tailerretan 2006ean eta %80 jarduera profesional normalizatua lortzeko gai izan da gero», jakinarazi zuen Aterbea elkarteko presidente Olivier Picotek.