GARA > Idatzia > Euskal Herria

Bergaran egingo den aurtengo Kilometroak country doinuaren jiran arituko da dantzan

Gari MUJIKA |

Bergarako Aranzadi ikastolaren filosofiari jarraiki, aurtengo Kilometroak jaiak ere elkarlanaren garrantzia izango du hizpide. Horixe da, hain zuzen ere, euskaltzaleen festa handirako prestatu duten abestiaren eta bideokliparen muina. «Argi da» izena eta country doinu dantzagarria daraman abestiaren atzean hamarka lagunen eta talderen lana ezkutatzen baita; guztia, noski, elkarlanean egina.

Donostiako kafe antzokian, Dokan, aurkeztu zuten atzo goizean 2007ko Kilometroak edizioaren abesti berria. Bergaran ospatuko da aurtengoan, eta bergararren arteko elkarlanaren fruitu gisa aurkeztu zuten bai kantua baita bideoklipa ere. Horretarako jaso duten laguntza ere ez da nolanahikoa izan: Belceblues musika talde bergararrak jarri baitie doinua Bergarako Jardun bertso eskolako kideek egindako hitz sortei. Aranzadi ikastolako ikasleek ere, nola ez, parte hartu dute proiektuan eta eskualdean aritzen den Goiena komunikazio taldeak osatu du bideoklipa.

Sinbolismoa ere izan dute hizpide Bergarako Kilometroak jaieko diseinu guztia egiterako orduan. Izan ere, egun Aranzadi ikastolaren egoitza eta lehen Bergarako Errege Seminarioa izenez ezagutzen zena eraikin bera da. Eta bertantxe egin zuten Elhuyar anaiak ospez beteko zituen aurkikuntza: wolframioa.

Hala, Elhuyar anaiek islatzen duten iraganetik hasita, kronologia bati jarraitzen dio bai bideoklipak baita abestiak ere.

Jardun bertso eskolako kide Aitor Arantzabalek azaldu zuenaren arabera «orokorrean, kronologikoki antolatutako bertsoak idatzi nahi izan ditugu: atzo, gaur eta bihar». Kantuko bertso bakoitzean, gainera, «elkarlana» hitza nabarmentzen da, eta hala Aranzadi ikastolako filosofiari erreferentzia egiten zaio.

Etorkizuna iraganetik ikusita

Aranzadiko irakaslea izateaz gain, Belceblues taldeko kidea da Asier Elortza. Berak eman zituen Doka kafe antzokian abestiaren gaineko argipen guztiak.

«Kilometroetako abestiak alaia izan behar duenez, country erritmo bizia eman diogu abestiari eta ahotsak blue-grass estiloan landu ditugu. Bai kultur aniztasunak, bai musika estilo honek AEBtako influentziak aipatzera eramaten gaitu. Haizezko laukote baten dotorezia eta indarra ere aipatu behar ditugu. Azkenik, eta hau guztia biribiltzeko, trikitiak eta soinuak euskal kultur kutsua eman diote, eta biolinek folk eta zeltar ukituak», azaldu zuen Elortzak.

Kilometroak 07ko koordinatzaile lanetan dabilen Unai Azkarate pozik eta gustura azaldu zen, agerraldiko gainontzeko partaideak bezalaxe, elkarlanean egindako egitasmo honen emaitzekin. Azkarateren esanetan, abestiak eta bideoklipak zentzu zehatza eman nahi du aditzera: «Etorkizunera joan behar dugu, baina nondik gatozen ahaztu gabe».

Oraindik kasik lau hilabete falta diren arren Bergara euskaltzalez lepo betetzeko, udari begira kaleratu dute abestia orain. Hala, promoziorako 500 ale argitaratu dituzte eta herrietako festetan zein nonahi entzutea espero dute antolatzaileek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo