GARA > Idatzia > Kultura

Euskal Herriko amatxien hitzak eta bizipenak bildu ditu Gaby Etchebarnek liburu batean

Hamahiru amatxiren oroitzapenak biltzen dituen liburua argitaratu du Elkarrek, «Paroles d'amatxi» (Amatxiren hitzak). Desagertzean dagoen Euskal Herri baten irudia ematen du Gaby Etchebarneren liburuak.

Idoia ERASO | BAIONA

«Gure istorioak ezagutu nahi dituenak liburua erostera gonbidatua dago» esan zuen Hazparneko Miminek amatxien ezaugarri den jarioarekin eta xarmarekin. Erranak erran, baina, atzoko prentsaurrekora bildu ziren hainbat amatxiren is- torio batzuk zuzenean entzuteko aukera ere izan zen.

Idazlearekin batera Baionan izan zen Itsasuko Dominika eta «kontrabandoa» boladan zegoen garaiko pasartea kontatu zuen; «benetako istorioa» zela ongi argitu zuen. Mugak zaintzen zituen poliziakide bat herrian itzuliak ematen ibiltzen zen kontrabandoan ziren pertsonak harrapatu nahian. «Herriko gizon batengana hurbildu zen kontrabandoan nor ibiltzen zen galdetzeko eta orduan gizonak ea sekretua atxikiko zuen galdetu zion eta poliziakideak baiezkoa erantzun zuenean gizonak erantzun zion `bada neuk ere bai'» hitzekin barre-algara sortu zuen Itsasuko amatxiak.

II. Mundu Gerran mugaren bestaldera ihesi joaten ziren juduen eta errefuxiatuen istorio gogorrak ere ekarri zituen gogora Busunaritzeko Marguittak. Bi estatuen arteko mugak hainbat errealitate sortu zituela erakutsi zuten amatxiek. Zuberoako Maitenak Nafarroa Garaiko eta Aragoiko neskatilak Maulera lanera egoera oso txarretan nola joaten ziren kontatu zuen.

Beasainen zapata-denda oraindik baduen Juanitak garai batean Estatu espainoletik heldu langileek etxera oporretara joan baino lehen bere dendan zapata berriak nola erosten zituzten esaten du liburuan.

Baina ez dira denak lan eta arazo kontuak, bestak eta mutilekin egoteko eginbeharrekoen berri ere ematen du Etchebarnek amatxien hitzen bitartez.

Lana plazer bilakatua

«Plazer handia izan da niretzat, ene etxean bezala nintzen zuen etxeetan» esan zien Gaby Etchebarnek berarekin elkartu ziren amatxiei. Urte eta erdi iraun duten elkarrizketen eta lanaren ondorioz argitaratu du «Paroles d'amatxi». Idazleak beste emakumeen bizipenez gain, bera ere amatxi dela ikasi du liburua idaztearekin batera: «Beraiekin hitz egitean konturatu nintzen oroitzapen komunak bagenituela eta neu ere amatxia nintzela, horregatik, nire bizipenak ere eman ditut liburuan».

Azalean eta liburuan agertzen diren argazkiak, hitzak bezala, balio handikoak dira. Etxeetako ganbaretan atzemandakoak dira batzuk eta balio ekonomiko handikoak direnak ere badira beste batzuk. Gaby Etchebarnek jakinarazi zuen liburuan agerrarazteko utzi zioten postaletako batek egun merkatuan 1.400 euro balio dituela. Izan ere, ez dira asko garai bateko Euskal Herria ezagutzera ematen duten imajinak.

Gazteek bultzatuta zaharren kontuak

Arrakasta ederra bildu du «Paroles de bergers» (Artzainen hitzak) liburua, eta irakurri ondoren, bi gazte joan zitzaizkion Gaby Etchebarneri gero hitza nori emanen zion galdetzeko, baina idazleak ez zuen horrelako beste libururik idazteko asmorik. Bikote gazteak orduan Euskal Herriko amatxiek istorio oso interesgarriak zituztela kontatzeko eta horrekin saiatu behar zela esan zioten idazleari. Ideia atxiki zuen Etchebarnek eta Euskal Herriko amatxien bila hasi zen. Gazte talde batek lagundu zuen idazlea bere istorioak kontatzeko gogoa izanen zuten amatxien bila, baita atzeman ere, 16 dira orotara.

I. E.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo