Uda eta bere topikoak; jaiak eta txosnak
Txosnak kalean jartzen diren bigarren mailako tabernak direla pentsatuko du askok, baina hori baino gehiago dira. Erakundeen kontrola onartu ez eta hauen aldetik trabak besterik jasotzen ez dituzten elkarteen sostengu ekonomikoa dira. Herri antolakuntzan eta herriko jaien ezinbesteko parte dira eta gure esku dago hauen biziraupena
Iritsi da uda (eta bere topikoak). Eguzkia, bero sargoria, oporrak (dituenarentzat) eta herrietako jaiak. San Telmoak, Santa Kruzak, San Joanak, San Pedroak, etab. Santutegiaren ibilbidea jarraituz festaz festa batetik bestera ibiltzeko aitzakia ezin hobea. Euskaldun festadun. Uda osoa ibil gaitezke festaz festa atsedenik hartu gabe. Ondorioak, ordea, larriak izan daitezke; poltsiko eta gibela zulatuak eta behin eta berriro festa berean egon garenaren sentsazioa. Izan ere, egitarauetan antzekotasunak baino ez ditugu aurkituko. Nork antolatzen ditu gauzak festetan? Herriko elkarteek ala Udalak kontratatutako enpresek? Zergatik antolatzen dira geroz eta gehiago azken hauen bidez? Haur eta helduentzako ekitaldi «ikusgarriak» (parte hartzeko baino besoak gurutzatuta begira egoteko baitira) antolatzen dira eta gazteentzat, berriz, tabernak. Eskerrak herri askotan txosnei eutsi ahal izan zaien (kostata). Kalean jartzen diren bigarren mailako tabernak direla pentsatuko du askok, baina hori baino gehiago dira. Oinarrian, herriko elkarte askoren diru iturri nagusia dira; erakundeen kontrola onartu ez eta hauen aldetik trabak besterik jasotzen ez dituzten elkarteen sostengu ekonomikoa dira. Azken urteotan txosnak desagerrarazteko eraso izugarria eman da erakundeen aldetik... Txosnak herri antolakuntzaren eta herriko jaien ezinbesteko parte dira. Gure esku dago hauen biziraupena. Txosnei eutsi nahi badiegu ez da nahikoa izango erakundeen aldetik «baimena» lortzea. Txosnak erakargarri egin behar ditugu. Edariak eskaini behar badira, eskain ditzagun baldintza duinetan; berrerabil daitezkeen edalontziak erabili, garbitasuna zaindu, prezio «herrikoiak» jarri, etab. Zain dezagun txosnen itxura; argiztapena, dekorazioa, etab. Eta musika jarri behar bada, eskain diezaiogun merezi duen arreta; zain dezagun musika ekipoen soinu kalitatea (eta ez horrenbeste zarataren potentzia); zain dezagun musika aukeraketa (nork banatzen ditu txosna guztietan dauden disko bilduma kloniko horiek?) eta bila dezagun aniztasuna (kritikarako gaitasuna galdu gabe).
Puntu hauek (besteen artean) kontutan hartuz gero, ziur gehiago gozatuko ditugula txosnak. Bihar hasiko dira festak Hernanin eta, guri dagokigunez, Molotoff Irrati libreko txosnara gonbidatu nahi zaituztegu. Ezinbestekoak belarri irekiak eta dantzarako gogoak.
Aritz SOUND SYSTEM
Kazetari eta
musika adiktoa