GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Prozesuari `ez' esaten dietenei herri honek soluzioak behar dituela adieraziko diegu Bilbon»

marian beitialarrangoitia
eae-anv-ko hernaniko alkatea

Prozesu demokratikoarentzat «baiezko borobila» eskatu zuen EAE-ANVk hauteskundeetan, eta horixe irudikatu nahi du larunbaterako Bilbon antolatu duen manifestazioan. «Guk ez dugu botoa eskatzen gauza baterako eta gero beste bat egin», nabarmendu du Marian Beitialarrangoitiak.

Mikel JAUREGI |

Bere hautetsien lehentasuna prozesu demokratikoa sustatzea izango dela esana du EAE-ANVk. Nola, ordea? Zein bidelagunekin? Zein urrats eginda?

Alderdi politikoen arteko harremana egunerokoa da udaletan, eta horrek bidea eman behar liguke ikusteko zertan egin dezakegun bat eta nola batu ditzakegun indarrak prozesuaren alde. Hernanin, gainerako alderdietako zinegotziei argi esan diegu Udaletik bertatik hasi garela lan horrekin. Egoerarik zailenetan ere prozesuaren alde izango gaituztela adierazi diegu, eta urte luzetako auziari irtenbidea eman nahi badiote, bidelagun izango gaituztela. Denok dakigu, aitortu ez arren, eta herritar gehienek oihuka esaten dute aspaldian, herri honek soluzioak behar dituela eta soluzioak emango dituen klase politikoa behar duela: bustiko dena, eseriko dena eta adostuko duena.

187.000 herritarrek, behintzat, gogoeta horrekin bat egiten dutela erakutsi zuten M-27an. Eta oso testuinguru zailean.

187.000, une honetan, garai batzuetako 200.000 edo hortik gora dira. Kopurua garrantzitsua da? Neurri batean, bai. Guri indarra ematen digu, baina aurrean dugunarentzat du balio handiagoa. Alegia, hemen, aurrez aurre, bi ikuspegi ditugu: prozesuaren eta irtenbidearen beharra ikusi eta horren alde bustitzeko prest daudenena, batetik, eta ukazioan eta «bai baina, ez» esaldian dagoen sektorearena, bestetik. 187.000 boto eskuratu izanak, eta jakinik askoz gehiago ere badirela jarrera horren aldekoak, esan nahi du mugitzen ez den sektore horrek ezin duela ezkutatu konponbidearen beharraren errealitatea.

«Unerik zailenetan» esan duzu, eta egungoa ez da samurra: ezker abertzalea berriro baztertu dute hauteskunde prozesu batean, ETAk ekintza armatuen etenaldia amaitutzat eman du, ezker abertzaleko mintzaide nagusia espetxeratu dute...

Eta zailagoak ere etor daitezke, atentatuak gerta daitezkeelako, errepresioan pauso gehiago eman ditzaketelako... Alde batetik eta bestetik sufrimenduaren poltsa betetzeko adina mila adibide jar daitezke. Guk nahi duguna da 1001garrena ez jartzea; alegia, poltsa hori betetzen jarraitu ordez eta bakoitzak bere zauriak miazkatu ordez, gehiago egon ez dadin neurriak hartzea. Nik deitora dezaket gauza bat, hark hura, batek tortura eta kartzela politika, besteak ETAren atentatuak eta kale borroka, izango da etxebizitza falta deitoratzen duenik, eta emakumeen aurkako indarkeria... Eta? Deitoratzeak zer ekarri du? Momentua da sustraietara joateko eta konpontzeko. Eta Marko Demokratikorako Proposamena mahai gainean dagoen bezala, jar ditzagun beste batzuk ere. Zergatik egiten diote uko Marko Demokratikorako Proposamena eztabaidatzeari? Ez dugulako konpondu nahi, akaso?

Eta gogoeta horren barruan, larunbateko manifestazioa zein ekarpen egitera dator? Zer du ezberdina indar bilketa horrek?

Nolabait, norberak banaka esaten duen hori indarrak bilduz egiteko modu bat da manifestazioarena. Kalean jende asko bilduta, prozesuari «ez» esaten dioten horiei adieraziko diegu hemen herri bat dagoela soluzioak behar eta eskatzen dituena, eta beraiek ere indar egin behar dutela gogoraraziko. Zer duen berria? Beste pauso bat da.

Norbaitek esan dezake: «Beste manifestazio bat...».

Akaso bai, baina maiatzaren 27-tik gauza asko pasatu dira arrapaladan. Pentsa non geunden eta orain non gauden... Prozesua behar dela gero eta nabarmenagoa da. ETAk su-etena hausten zuela esan zuen egunetik erantzun batzuk ikusi ahal izan dira, errepresioa kasu honetan. ETAk hau edo bestea esan duelako, ezker abertzaleari egurra. Baina ez dira indarrak jartzen ari ETA atentatu bat bera ere egitera iritsi ez dadin eta egoerak okerrera egin ez dezan. Horrek kezkatzen nau. Epe motzeko hautes- kunde-kalkuluen arabera mugitzen ari dira, martxoari begira, baina Zapaterok konturatu behar luke gehiago izango duela irabazteko herri honetan konponbidearen alde egiten badu. Eta jakin bezate: egurra egur, ezker abertzaleak prozesuaren aldeko apustua egiten du.

 

zauriak

«Sufrimenduaren poltsa betetzen jarraitu eta bakoitzak bere zauriak miazkatu ordez, gehiago egon ez dadin neurriak hartzea nahi dugu»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo