Itzurungo itsaslabarra paleozenoko estratotipo
Egun historikoa Geologiarentzat baina, batez ere, Zumaiarentzat
Paleozenoko estratotipo izendapena jasota, Zumaiako Itzurun hondartzako itsaslabarrak Lurraren adin geologiko bi aztertzeko gunerik egokienak direla zehaztu dute. Erabakia mundu osoko 30 ikerlarik hartu dute bertan egindako kongresu batean. Oraindik erabakia berretsi egin behar dute, baina ikerlariek apenas dute zalantzarik. Hala, herri hori, Geologia arloan eta, batez ere, orain 65 milioi urte hasi zen aroa aztertzen duten ikerlarientzat erreferente izango da.
Maider EIZMENDI | ZUMAIA
«Egun historikoa da hau». Horrela mintzatu zen Birger Schmitz Suediako Lund Unibertsitateko irakasle eta Paleocene Working Group taldeko burua. Geologiaz ari zen bera, baina neurri berean izan zen atzokoa egun garrantzitsua zumaiarrentzat, herriko Itzurungo hondartzako itsaslabarreko bi zati Paleozeno Aroaren barnean sailkatzen diren hiru azpiaroak aztertzeko erreferente bilakatu baita, estratipo izendapena ematea erabaki baitute ikerlari hainbatek.
Baina zer esanahi du izendapen hori emateak? Lurraren adina zehazten duten aldiak, munduko hainbat eremutan daude zehaztuak ofizialki; aldi bakoitzaren azterketak egiten direnean eremu horiek hartzen dira erreferente bezala, aurrerantzean Zumaiako itsaslabarra izango da Paleozenoko aldien ikerketa gune nagusia.
«Zumaia oso ondo saltzen da»
Bi egun luzez jardun dute mundu osoko 30 zientzialarik Zumaiako kokalekuaren egoki- tasuna aztertzen Zumaia Workshop Paleocene 2007 kongresuan. Beste aukera, Egipton, Niloko arroko Kreiya izena duen gunea zen, baina «Zumaiako eremua irisgarriago izatea eta, aldi berean, Egipton egin ezin daitezkeen ikerketak eginak izatea» erabakigarria izan da aho batez onartu duten erabaki hori hartzeko orduan.
UPV-EHUko Xabier Orue-Etxebarria Paleontologia katedraduna pozik eta emozioak hartuta agertu zen erabakia emateko antolatutako prentsaurrekoaren ostean. «Paleozeno barruan hiru pisu bereizten dira. Bata, behekoa Daniarra izenez ezaguna; erdikoa, Selalandiarra; eta goikoa, Thanetiendarra. Hemen eztabaidatu da, Daniar eta Selandiar aldien muga (60,8 milioi urte) eta Senlandiar eta Thanetiendar aldien tarteko muga (58,7 milioi urte)», azaldu zuen Orue-Etxebarriak. Hain justu ere, muga horiek aztertzeko lekurik egokiena izango dira aurrerantzean Zumaiako hondartzako aipatu bi sekzio horiek.
Atzokoa pauso garrantzitsua izanik ere, Zientzia Geologikoen Nazioarteko Batzordeak onartu behar du proposamena, baina Eustoquio Molina Zaragozako Unibertsitateko Paleontologia katedradunaren esanetan, erabakia aho batez onartzeak «atzera bueltarik ez duen erabakia» izatea dakar. Era berean, erabaki berretsi arteko denbora tarteari dagokionez, hilabeteetako kontua izango dela adierazi zuen «urtebete igaro baino lehen gehienez jota ere».
Azken urteetan lan handia egin dute UPV-EHUko irakasle hainbatek atzo onartutako erabakia hartu zezaten. Izatez, oan den urtean Bilbon egin zuten kongresuan Zumaiari gisa horretako izendapena ematea espero zuten, baina «kongresuan bertan Kreiyako sekzioak proposatu zituzten eta, beraz, erabakia atzeratu da, bata eta bestearen abantaila eta desabantailak aztertzeko tartea hartu baita».
Abantailak
UPV-EHUko ikerlariaren esanetan, irrisgarritasuna da Zumaiako sekzioen abantailarik nagusia. «Egiptoko Kreiya ez da herri bat eta bertara iristeko gidari baten premia dago eta gainera ikerlariek hainbat baimen eskatu behar dituzte. Eta horri erantsi behar zaizkio arazo politikoak». Era berean, harkaitzak zati handi batean agerian izateak abantaila eman dio Zumaiari. «Hemen Deban hasi eta Getariaraino dena agerian dago eta oso erreza da ikertzea. Egipton, aldiz, zati bat baino ez dago agerian, 50-60 bat metro, gainerakoa estalita dago». Azkenik hainbat ikerketa eginak izatea baliagarri gertatu da. «Geokimika edota Paleomagnetismo ikerketak eginak daude eta Egipton ordea, ez dira egin eta ezin dira egin, gainera».
Orue-Etxebarria izendapen horrek Zumaiarentzat eta Euskal Herriarentzat garrantzitsu dela nabarmendu zuen. «Geologian munduan jada betiko geratuko da Zumaian gutxienez muga bi hemen jarri direla, eta hori berez da oso garrantzitsua, niretzat oso gauza sentimentala da, adibidez, neuk egin dut lan pentsatuz azkenean lortuko genuela Euskal Herrian jartzea mugak. Hemen izan da Geologia munduan Zumaia oso-oso ezaguna delako».
Kontuan hartzekoa da lehen aldiz eman zaiola gisa horretako izendapen bat Euskal Herriko parajeren bati eta nazioartean Lurraren adinaren inguruko hainbat aldi errebisatzeko dagoen joeraren baitan ulertzen da.
Paleozeno garaiak, Zelaia talasoterapian atzo eskainitako agerraldian azaldu zutenez, Zumaiak Lurraren historian oso garrantzitsuak izan diren bi gertaera errekonozitzen dira. «Batetik, Yukatan (Mexiko) erori zen meteorito erraldoi baten erregistroa orain 65 milioi urte dinosauroak desagertzea ekarri zuena; bestetik, 10 milioi urte beranduago Lurraren beroketa globala gertatu zen, egun gertatzen ari den modukoa, eta lurreko animalia eta landareetan aldaketa handiak izan ziren». Atzokoan Paleozeno izeneko aro honetan beste bi muga ezarri zituzten.
Victoriano Pujelte, UPV-EHUko Estratografia katedradunak nabarmendu zuenez, Zumaiako «itsaslabarra itsas sedimentuekin osatua dago gutxi gorabehera itsasmailatik mila metrora», baina lurrazalera irten ziren mugimendu tektonikoen bidez. Hain justu, Pirinioak eratu zituen mugimenduekin batera sortu zela uste dute.
«Dinosauroen desagerpena»
Horiek hala, orain milioika urteko itsasondoan ikertzeko aukera ematen dute, itsasoan barneratu gabe. Horrela azaldu zuen Pujaltek. Gainera, erregistro osoa izatea eta ondo kontserbatua egotea kontuan hartzen da eta inondik ere Zumaiako itsaslabarreko bi puntu horiek bi baldintzak ondo betetzen dituzte. «Harroketan dauden aldaketak, aurkitzen diren mikrofosilak eta geokimika datu garrantzitsuak daude bertan, besteren artean», gaineratu zuen Orue-Etxebarriak.
«Nolabait leku honi kalitatea errekonozitu zaio eta seguru asko mundu osoko geologoak etorriko dira hona eurek dituzten datuak Zumaian batu ditzaketenekin alderatzeko», hala aurreratu zuten ikerlariek.
Baina aipatu bi aldiak ez ezik Zumaiako itsaslabarrak eskaini ditzakeen datuak zabalak dira. Ikerlariek gogora ekarri zu- tenez, Paleozeno aldiko bi mugak, hau da, hasiera eta amaiera zehazten dituztenak, Zumaiak proposatu zituzten, baina orduan ez zen zorterik izan. «Beraz, orain zehaztu diren bi mugak ikertzera datozen ikerlariek bide batez, aztertu ahalko dituzte Paleozenoaren goi eta behe mugak ere, Zumaiakoak munduko hoberenen artean baitaude» azaldu zuten ikerlariek.
Zumaia Workshop Paleocene 2007 kongresuan mundu osoko 30 ikerlari batu dira eta bi egunez herri horretako eta Egiptoko guneen egokitasunak eta desabantailak aztertu dituzte.
Zientzia Geologikoen Nazioarteko Batzordeari dagokio azken erabakia hartzea. Baina Zumaiaren aldeko apustua aho batez onartu dutenez, «atzera bueltarik gabeko erabakia» dela esan zuten.
Izendapen hau emanik, Paleozeno aldian interesaturik dauden ikerlari hainbat bertaratuko dira Gipuzkoako kostaldeko herri horretara «eskuartean dituzten datuak Zumaian lortu direnekin alderatzeko».
Dituen balio geologikoez gain, irisgarria den lekua izatea edota hainbat eta hainbat ikerketa jada eginak izatea, abantaila izan ditu Zumaiak eta kontrako bilakatu da Egiptoko Kreiyarentzat.