GARA > Idatzia > Ekonomia

Nafarroako erronka orain produktibitatea dela dio Merkataritza Ganberak

Azken urteetan Nafarroako ekonomiako arazo nagusia inflazioa izan bada ere, gaur-gaurkoz joera aldatu eta produktibitatean jarri du arreta Nafarroako Merkataritza Ganberak. Bere ustez, herrialdeko hazkuntza ekonomikoa lanpostuen sorkuntzaren menpe dago eta ondorioz, eskulanaren formakuntza ezinbestekotzat jo du Ganberak. Horiek hala, egoera ekonomikoaren adierazle guztiak oso onak izan direla dio, lehiakortasuna izan ezik.

Rebeka CALVO |

Nafarroako Merkataritza Ganberak 2007ko lehen hiruhilekoaren gainean egin azterketaren arabera, herrialdeko ekonomiak hazkuntza nabarmena izan du eta azken zazpi urtetako BPGaren hazkuntzarik altuena lortu du, %4,2koa. Hori bai, hutsuneak izan ere badira, eta Ganberaren ustez produktibitatean egin behar da lan orain.

Izan ere, produktibitatearen hazkuntza «egonkor» mantendu da Ganberako lehendakari Javier Tabernaren hitzetan, zehazki %1 inguruan. «Produktibitatea ondo kudeatu behar da, lanpostu asko sortu dira, baina beharrezkoa dena lanpostuen formakuntza bultzatzea da, ez lanpostu gehiago sortzea» , azaldu zuen Tabernak.

«Hazkuntza tasa %4,2a arte igo den bitartean lanpostuen sorkuntza erritmoa 3,2%ra igo da eta kanpoko merkatuetako presentzia, inflazioaren garapena eta inbertsioen hazkuntza ere hobetu dira. Produktibitateak, hala ere, ez du hobekuntza nabarmenik jasan», gaineratu zuen.

Barne Produktu Gordina

Gauzak horrela urteko lehen hiruhilekoaren BPGaren hazkuntza azken zazpi urteetako gorenena izan da; sektore guztiak hazi dira. «Egoera ekonomikoaren adierazle guztiak onak izan dira, lehiakortasuna izan ezik, hauxe da datozen urteetan hobetu beharrekoa», esan zuen zentzu honetan Ganberako lehendakariak.

Horrela, nekazaritza %0,7 igo da, industria %3,8, eraikuntza %5,5 eta zerbitzuak %4,3. Igoeraren bultzatzaile nagusiak industria eta eraikuntza izan dira hortaz, 2001etik igoera nabarmena lortu dute azken hilabeteetan. Eskaerari dagokionez, barruko eskari tasa mantendu egin da kanpokoa hobetu den bitartean, batez ere inportazioak igo direlako. Kontsumo pribatuaren abiadura ere moteldu dela adierazi zuen Tabernak, nahiz eta %4 igo den. Inbertsioaren hazkuntza biziagotu egin da, %5,6ra ailegatu da.

Era berean, Nafarroako esportazioen tasa azken hiru urteetako gorenena izan da lehen hiruhilekoan, %15,2. «Ia sektore guztietan eman da hau, erdi-mailako produktuetan izan ezik», esan zuen Tabernak. «Bultzadarik handiena automobilgintzak eman dio, bere hazkuntza lehen hiruhilekoan lortutako guztiaren %57koa izan baita».

Lanpostuen sorkuntzari dagokionez, «oso garrantzitsua izaten jarraitzen duela esan zuen, 2006ko epe bereko zenbatekoa lau hamarrenetan pasatu baitu. «Lanpostu gehienak eraikuntzan eta merkatu zerbitzuetan sortu dira eta inflazio tasa Europar Batasuneko helburua (%2) baino beherago dago, baita Espainiako batez bestekoa baino bost hamarren baxuago ere», esan zuen.

Datu hauek ikusita Ganberak barruko eskaera herrialdeko hazkuntzaren sostengu nagusia izaten jarraituko duela uste du eta datozen hilabeteetan kontsumo pribatuak gelditzen jarraituko duela. Inbertsioa hala ere, gehiago haziko da, eta barruko eskaerari egingo dion ekarpena 2006an egindakoaren parekoa izango da.

Mehatxu nagusiak hortaz hauek dira: hazkuntza ekonomikoa lanpostuen sorkuntzan gehiegi sostengatzen dela, eraikuntzaren eta merkatu zerbitzuen produktibitatearen jaitsiera eman dela, Europarekin konparatuta berrikuntza ratioak baxuak direla eta inportazioak azken urteetan asko igo direla.

lAN MERKATUA

Nafarroako Merkataritza Ganberaren ustez, datozen hilabeteetan lanpostu gutxiago sortuko dira herrialdean, batez ere eraikuntzaren sektorearen desazelerazioa dela-eta.

eraikuntza

Eraikuntzaren sektoreak biziko duen jaitsiera orokorra izango da Ganberaren ustez. Adituek esandakoaren arabera egungo etxebizitzen eskaintza eskari erreala baino bi aldiz handiagoa da.

«Gutxi trebatutako eskulan asko dugu, hauxe da gure egitekoa»

Nafarroako gerora eta urte amaierara begira herrialdeko Merkataritza Ganberak «Nafarroak orain duen posizio ekonomikoa» aprobetxatu behar duela uste du Javier Tabernak, Ganberako lehendakariak. Izan ere, Nafarroaren 2007ko hazkuntza %3,8koa izatea espero du Ganberak, Gobernuak aurreikusitakoa baino hamarren bat gehiago. Horiek hala, Merkataritza Ganberak hiru proposamen egin ditu 2007ko ekonomia bultzatzeko. Lehenik eta behin, eraikuntzaren produktibitatea hobetzea: «Eskulan asko dugu, baina gutxi trebatutakoa. Hauxe da gure egitekoa orain; pertsona hauen formakuntza bultzatzea. Kanpotik datozenen kasuan jatorri herrietan formakuntza eskolak bultzatu behar dira, adibidez Nafarroako irakasleak hara eramanda. Merkatu zerbitzuetan ere produktibitatea hobetu behar dugu eta horretarako ezaguera ondo kudeatu behar da, hemen dugun teknologia ehuna aprobetxatu, alegia», azaldu zuen Tabernak. Bigarren puntua gizartearen eta enpresen internazionalizazioan datza eta bi bide planteatu zituen Ganberak: «Europako beste eskualdeekin komunikazio bideak irekitzea eta gizarte nafarraren kanpoaldeko irekiera eta euren formakuntza aprobetxatzea. Izan ere, gazteak kanpora joatera bultzatu behar ditugu eta horretarako guk badugu aurreikusita munduko unibertsitateetan ikasteko hainbat beka abian jartzea». Azken neurria, gizarte zibilaren rola bultzatzea da, beren ustez protagonista izatera pasatzen bada politikan ematen diren gorabeherak «ez zaizkigu horrenbeste axolako-eta». R.C.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo