GARA > Idatzia > Editoriala

Herri garaipen handi baten urtemuga

Hogeita bost urte joan dira Lemoizko zentral nuklearraren lanak behin-behinean gelditu zituztenetik. Gelditze hark herri garaipen handi bati data jarriko zion, behin betikoa izango baitzen. Ez sufrimendu gabe, ordea, hainbat urtetako borroka gero eta gogorrago baten ondorioz baizik. Duela 25 urte arrazoiaren jabe zela ondo zekien herri baten erabakitasunak desarrazoia garaitu zuen. Bere borondatea hutsaren hurrengotzat zeukaten botere ekonomiko eta politiko indartsuen desafioari eutsi eta munduko borroka antinuklearrarentzat eredugarria izan zen garaipena lortu zuen.

Izan ere, boteretsuak ziren Lemoizko proiektu hura gauzatzeko interesa zutenak: Iberduero, Estatu espainola, EAJ... Hala ere, Euskal Herrian barrena herriz herri, auzoz auzo, herritarrak proiektu nuklearraren aurka antolatzen hasi ziren. Herritar gehienen nahia bilduta, era guztietako mobilizazio eta ekintzak antolatu zituen mugimendu antinuklearrak: manifestazioak, iltzalaldiak, desobedientzia zibileko kanpainak, artisten erakusketak, kontzertuak, itxialdiak, sabotajeak... eta leku eta sektore guztietako lagunek parte hartu zuten. Baita zenbaitek bizia galdu ere. Baina borroka hura irabaztea zentral nuklear bat geldiaraztea baino gehiago izan zen, zentral hura Estatu espainoleko zentralismoak eta Estatuko eta nazioarteko kapitalak herriaren kontra egindako erasoaren ikurra ere bazen-eta.

Azken aldion berriro piztu da energia nuklearraren inguruko eztabaida, haren mehatxuak badirauelako, oraingoan klima aldaketaren aitzakian. Bestetik, herriaren borondatea kontuan hartu gabe erabaki dituzten hamaika proiektu gauzatzear edo gauzatze bidean daude, Lemoizko zentrala eskatzen zuen eredu ekonomiko berari lotuak eta, herritarren beharrei muzin eginda, interes partikularrak baino asetzen ez dituztenak. Lemoiz bezala, superportuak, AHT, termikak, Supersur, supersaltokiak, golf zelaiak eta bestelako azpiegitura erraldoiak garapen desorekatu baten adibide argiak dira. Duela 25 urte bezala, herritarren borondatea aintzat hartzen ez duen garapen eredua ez da bidezkoa, ez bideragarria.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo