GARA > Idatzia > Gutunak

maite ugartemendia Segi

Ilunpetik, gazte borrokaz, presoak etxera

Ilunpetik begira daramatza zenbait aste herri zahar honek. Pasatu berri ditugun hauteskunde ez demokratikoek, atxiloketa eta kartzelaratzeek, herri borondatea lapurtu duten hautetsiek ilundu dizkigute berriro esperantzak.

Gatazkaren konponbiderako zeuden aukerek eta nahiek eguzkiz bete zituzten kaleak aspaldi. Saiatu gara, oraingoan ere gure borondate guztia jarri dugu mahai gainean behingoz Euskal Herriak bizi duen gatazka politiko eta militarrari konponbide demokratikoa emateko asmoz. Oraingoan ere, bada herri honen nahiari huts egin dionik. Espainiar Estatuak, hitz politetatik haratago, ez ditu bere konpromisoak bete azken hilabeteetan, aukera guztiek berdintasunez lan egiteko oinarrizko baldintza demokratikoak ezartzea eragotzi du. PSOE eta PNV lehen ere elkarren eskutik ezagutu ditugu, dispertsio politika eurek jarri zuten martxan; hala, presoen oinarrizko eskubideak urratu zituzten eta lagun eta senideak ere zigortu zituzten. Oraingoan ere bidelagun izan dira bizi dugun zatiketari eusteko, eskubideak urratzen jarraitzeko, finean euskal herritarron eskubideak onartuta eta lurralde zatiketa gaindituta marko demokratiko berri bat eraikitzeko proposamenari ezetz esan diote.

Ez dute ausardiarik izan akordio politiko bati heldu eta prozesu demokratikoari ekiteko. Borondate falta nabaria izan da, euren alderdien interesak kolokan ikusi dituztenean eztabaida desitxuratu eta dagokien erantzukizuna estaltzen saiatu dira berriro ere.

Argi izpiak ordea sumatzen ditugu, aukerak irekirik daude akordio politikoa lortu eta aurrera egin dezagun. Noski benetako borondaterik badute, prest izanen gara, baina ez dezatela pentsa herri honetan iruzur berririk onartuko dugunik. Sakoneko aldaketak ezinbestekoak dira, egungo egoera apaintzeak ez du deustarako balio, gazteria eta etorkizuneko belaunaldiak gatazkara kondenatzeko ez bada. Beraz, aldaketaren haizeak buruan dituztenek, argi izan dezatela ez garela konformatuko poltrona banaketa berri batekin.

Benetako konpromisoak hartzeko garaia iritsi da. Gazteok, konpromisoz eta borrokaz erantzungo diogu egungo egoerari, independentziaren bidean indarrak bilduta. Gaztazkaren konponbidea bermatuko duen proposamena bultzatuko dugu, Euskal Herrian beharrezkoak diren bi autonomia politikoak eta erabakitze eskubidea borrokaz lortuko ditugu, prozesu demokratikoan aurrera egin eta independentziari ateak zabaltzeko.

Ilunpetik konpromisoz eta borrokaz, gazteok beti egin izan dugun moduan, presoen eskubideen defentsan ere lanean tinko segiko dugu. Herritarron borroka ezinbestekoa den une hauetan, deia luzatzen dugu bihar Iruñean izango den manifestazioan parte hartzeko. Gazte borrokaz, presoak etxera!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo