GARA > Idatzia > Ekonomia

GFAM-Lurra elkarteak akzio salmenta abiatu du Kako baserriaren lurrak erosteko

Hamairugarrengoz, funtsak lortzeko kanpainari ekin dio GFAMek. Oraingoan, Ainharbeko baserri bateko lurrak erosteko eta, ostean, bertako ustiatzea jarraituko duen Baionako artzain gazte bati alokatzeko.

Arantxa MANTEROLA |

Ainharbe herri zuberotarrean dagoen Kako baserriak bizirik jarraituko du GFAM-Lurra elkartearen eta artzain gazte baten grinari esker. Lurra laborarien esku jarri behar den ondasun kolektiboa dela iritzita, 1979an sortutako elkarteak etxaldeak erostea eta laborantza jarraituko duenei alokatzea du helburu.

Bide beretik, landalurrek pairatzen duten espekulazioari aurre egitea da Groupement Foncier Agricole Mutuelle-n (GFAM) xedea. Elkarteak lurrak soilik erosten ditu; eraikinak berriz, ustiaketaren jarraipena hartuko duenak, hau da, baserria alokairuan hartuko duenak, erosten ditu.

Edonork eskuratu ditzakeen kopuru txikiko akzioak edo zatiak salduta lortzen dira beharrezko funtsak. Gaur egun, 1.700 gizon-emakumek osatzen dute Euskal Herriko GFAM-Lurra eta kide bakoitzak boto bakarra izateko eskubidea du, akzio bat baino gehiago baditu ere.

Kako salbu da

Azken 26 urteotan Godement maizter bikoteak ustiatu du Kako etxaldea manex burubeltzen ardigintzarekin. Joseph Godement hil ostean, ordea, baserriaren jabeak salmentan jarri zuen 33 hektarea lur eta hainbat baso dituen baserria. Godementen alargunak, ustiaketaren segida arriskuan zegoela-eta, GFMAra deitu zuen. Hala, elkarteak hartu du bere gain afera.

Honakoa, 13. kanpaina izanen da, aurretik antzeko hamabi operazio eginak ditu, horien artean, zortzi etxalde osoen erosketa. Ekimen horiei esker, 19 familia etxaldeetan instalatzea edo jarraitzea lortu da.

Oraingoan, Kako baserriko lurren ordainketa egiteko behar diren 165.000 euroak erdiesteko, 63 euroko 2.600 akzio atera ditu, azaroaren 10a aurretik saltzeko asmoz.

Eraikinak, etxea eta artaldeak eskuratzeko beste 156.000 euroak Fred Larrañagak jarriko ditu. Baionako gazteak ondo ezagutzen du Kako baserria, Godement gaixotu zelarik, bertan hasi baitzen lanean soldatapean. Larrañaga ez da, berez, baserriko semea. Itsaso-biologia ikasi eta han eta hemen bidaiatzen ibili ostean, duela zazpi urte Euskal Herrira itzuli zen artzain izateko asmoz. Etxarriko artzain eskolan ikasketak egin eta, orain, neskalagunarekin Godementarrek bizitza osoan egindako lanari jarraipena emango dio.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo