GARA > Idatzia > Eskubaloia

eskubaloia Nazioarteko partidak

Argentinara bidaiatuko du euskal selekzioak astelehenean

Bertako selezioa, Uruguai, Panama eta Brasilgo jokalariz osatutako talde bat izango ditu aurkari Buenos Airesen jokatuko den txapelketa batean

Aritz SORZABAL | DONOSTIA

Euskal Eskubaloi Federazioko ordezkariek eta gizonezkoen selekzioko arduradunek prentsaurrekoa eskaini zuten atzo Argentinan jokatuko dituzten partiden berri emateko.

Hain zuzen ere, euskal selekzioak Buenos Airesen antolatuko den txapelketa batean parte hartuko du, hots, Villa Vallesterreko Alemaniar Elkartean egingo dena. Bertan, Argentina, Uruguai eta Londrinaseren -Panama eta Brasil konbinatua- aurka jokatuko du ekainaren 29tik uztailaren 1a bitartean. Norgehiagoka horiez gain, bidaia aprobetxatuko eta, Brasilgo txapeldunordearen eta oraindik zehaztu gabe dagoen beste talde baten kontra jokatuko du

Iñaki Altube entrenatzaileak astelehenean abiatuko duten bidaia ilusio handiz egiten dutela nabarmendu zuen. Ondoren, euskara hutsean egindako agerraldian -euskarak «selekzioaren hizkuntza» izan behar duela eta jokalariekin hizkuntz nazionalean mintzatzen saiatzen dela esan zuen-, Argentinara daramaten taldea oso gustokoa duela aitortu zuen. «Selekzio polita da, orekatua. Postu guztietan eskarmentuko jokalariak daude eta, gainera, gazteak. Jokalari asko 1983. eta 1988. urte bitartean jaiotakoak dira», esan zuen.

«Nik esango nuke selekzio azkarra dugula, abiadura handikoa. Buruz ere bizkorrak dira, eta horregatik uste dut arazorik ez dugula izango koordinazioa lortzeko», nabarmendu zuen.

Alde horretatik, Altubek nabarmendu zuen entrenamendu saio bakar batekin joango direla Argentinara. Dena den, han entrenamendu saio batzuk egitea espero dutela aurreratu zuen. Astelehenean abiatuko dira hegazkinez, datorren uztailaren 4ean bueltatzeko. Rolling Stones taldea bihar kontzertua emateko Donostian denez, horrekin hitz jokoa egin zuen entrenatzaile euskaldunak. «`Satisfaction' hitzarekin joaten gara Argentinara eta `Gora San Fermin' esaten bueltatuko gara. Bitartean, `Gora Euskadi' izango dugu gure ezpainetan», erantsi zuen Altubek.

2001. urtean, lehen bidaia

Euskal Eskubaloi Federazioko presidente Fernando Asenjok, berriz, Argentinako federazioarekin «oso harreman onak» dituztela aipatu eta herrialde horretako selekzioaren aurka behin baino gehiagotan jokatu dutela ekarri zuen gogora.

Izan ere, 2001. urtean ere, euskal selekzioa Argentina izan baitzen. Orduan, hiru partida jokatu zituen: Argentina A-Euskadi (27-21); Argentina B-Euskadi (22-23); eta Argentina B-Euskadi (24-26). Horiez gain, lagun arteko norgehiagoka bitan parte hartzeko aukera izan zuen bertako jarraitzaileek eskatuta; Brasilgo Club Metodista eta La Platako Club Estudiantesen aurka, hain zuzen ere.

Era berean, Asenjok prentsaurrekoa aprobetxatu zuen jokalariei eskertzeko, Argentinara doazenak eta ez doazenak ere selekzioan jokatzeko prest zeudelako. «Klubei eta jokalariei eskertzen diegu. Ezetzik esan duen jokalararik ez da egon. Batzuk lesioengatik edo konpromisoengatik ez daude, baina selekzioa begi onez ikusten dutela esan digute», adierazi zuen.

Iñaki Altubek ere eskerrak eman zizkien jokalariei, denboraldi luzearen ondoren gogoz ikusi dituelako. «Gabonetan errazago izaten da taldea osatzea. Orain. aldiz, oporrak izaten dituzte eta batzuk Espainiako selekzioarekin, Ligan eta Europako txapelketetan aritu dira. Gabonetan baino zailagoa izan arren, jokalariek oso ondo hartu dute selekzioa», berretsi zuen.

Lista de convocados

Estos son los jugadores convocados por Altube: Asier Zubiria y Mikel Agirrezabalaga (Alcobendas); Yerai Lamariano, Unai Arrieta y Asier Aranburu (Bidasoa); Iñigo Salaberria, Javier Arroyo y Pablo Ganboa (Arrate); Arkaitz Vargas (Teka); Asier Antonio (Valladolid); David Rodríguez (Forcusa Huesca); Ibai Begoña y Javier De la Hoz (Barakaldo); Mikel Unanue (Anaitasuna); Eduardo Gurbindo (Portland); Alberto Agirrezabalaga (Ciudad Real); e Iker Serrano (Almería). A.S.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo