GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ekitaldi ugari egingo dira gaur Gay eta Lesbianen Askapen Eguna dela eta

GARA

Euskal Herriko hainbat hiritan ekitaldiak antolatu dituzte gaurko Gay eta Lesbianen Nazioarteko Askapen Eguna ospatzeko. Bizkaian, adibidez, EHGAM eta Gaytasunak sari banaketa antolatu dute gaur urtero bezala. Ekitaldiaren berri gaur 11.00etan emango badute ere, saridunen izenak ezagutarazi dituzte dagoeneko: Urrezko Hirukia Francisco Letamendia Ortziri emanen diote, eta Trapuzko Espartzina, berriz, Europridek jasoko du.

Horrez gain, Bizkaiko Ekainaren 28 Koordinakundeak gay, lesbiana eta transexualen eskubideak aldarrikatzeko gaur arratsaldean egingo den manifestaziora joateko deia luzatu du. Koordinakundea EHGAM, Bizigay, Hegoak, Aldarte, Queer Ekintza eta Euskal Hartza kolektiboek osatzen dute. Manifestazioa 20.00etan aterako da Bilboko Moyua plazatik «Hau ez da nahikoa, gehiago aldarrikatzen dugu» lelopean.

Prentsara helarazitako oharrean adierazi dutenez, «gaur gure eguna da, gaur gure sexu-desioen askapena ospatzen dugu. Bestelako gizarte bat aldarrikatzen dugu gaurko egunean: irekiagoa eta zuzenagoa; askeagoa». Bide batez, aurreko hamarkadetan pairatutako errepresioa oroitarazi dute eta «gure iraultzaren aintzindariak izan zirenak» goraipatu dituzte. Geroztik lortutakoa ospatu arren, oraindik egiteko dagoena nabarmendu dute. Hala, tolerantziaren heziketa, errespetua eta lesbianen ikuspena bultzatu beharreko gaiak direla ohartarazi dute. Bide batez, sexu askapenaren aldeko aldarria egin dute.

Euskal Herri osoan

EHGAMek Euskal Herri osoan egingo ditu gaur manifestazioak -Miarritzekoa ekainaren 16an egin zen-. Horietan parte hartzeko deia «Desberdintasunez bizi» lelopean kaleratutako kartelekin egin dute. Hiriburuetako manifestazioak 20.00etan hasiko dira. Iruñeko kasuan, jaia izanen da ondoren Nabarreria plazan Gozamenez kanpainaren barnean.

Batasunak ere nabarmendu du gaurkoa «aldarrikapen eguna izaten jarraituko» duela, «aukera sexual guztiak ez daudelako maila berdinean» eta «aukera sexualen arabera diskriminazio egoera larriak» ematen direlako. Talde abertzaleak, bat egin du gaurko mobilizazioekin, eta aldarrikatu du «emakume, eta gizonen, zein bere aukera sexualaren araberako pertsonen arteko harremanak parekidetasunean garatzeko baldintzak sortzeko eraldaketa sozial integrala» behar dela.

Bilgune Feministak ere gaurko ekimenetan parte hartzeko deia egin die «feminista, emakume eta aurrerakoi sentitzen den orori», eta aukera sexualak «askatasun osoz» bizitzeko eskubidea aldarrikatu du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo