GARA > Idatzia > Kirolak

XIBA Euskal Jokoak

Euskal Herria Zuzenean jaialdiaren barruan izango da larunbatean Euskal Herrien Arteko Jokoen IV. Jaialdia

Arnaitz GORRITI | BAIONA

Xibak antolatzen duen Euskal Herrien Arteko Euskal Jokoen IV. Jaialdiko ekitaldi nagusia datorren larunbatean izango da Lapurdiko Idauze-Mendin. Aurreko ekitaldiekin ezberdindu eta jaialdi hori «Euskal Herria Zuzenean» jaialdiarren barruan kokatuta egongo da aurten, aurreko urteetan elkarrekin izan duten loturaren jarraipen gisa.

Jaialdiko hitzordua larunbateko 10.30ean eginda dago, hain zuzen «Euskal Herria Zuzenean» festibaleko gunean. Dena den, euri jasa itzelik balego, Mauleko Jai Alain eginen litzateke jaialdia.

Orotara 22 taldek hartuko dute parte eta Euskal Herriko herrialde guztiak bertan izango dira. Antolatzaileen ustetan, parte-hartzaile eta epaileen artean 300 bat partaide egongo omen dira guztira

Zuberoatik Larraine; Behe Nafarroatik Baigorri eta Garazi; Lapurditik Sara, Itsasu, Angelu, Baiona eta Miarritze; Gipuzkoatik Hernani, Idiazabal, Asteasu eta Beasain; Bizkaitik Arratia, Lekeitio, Trapagaran eta Markina, Arabatik Aiaratarrak, Barrundia, Gerriko Gasteiz eta Eskua Gasteiz; Nafarroatik, azkenik, Irañeta eta Iruñea.

Festibaleko gunera sartzeko talde bakoitzak 12 ukaraiko -eskumuturra, sarrera alegia- edukiko ditu, hiru egunetarako balioko dutenak.

Egitaraua

Jaialdia bera 11.00etan hasiko da eta 13.30ean bukatuko dela uste dute.

Probak sei multzotan banaturik egongo dira. Ohiko probez gain, zaku lasterketa eta zaku saltokako probak ere izango dira azken jaialdi horretarako.

Azken proban, berriz, partaide bakoitzak fandangoa eta arin-arinaz gain, bere herrialdeko dantzak egin beharko ditu. Ondorioz, taldeek beren musikariak ere ekarri bide dituzte. Sari banaketa egingo dute horren ostean.

Ondotik herri bazkariarekin amaituko da jaialdia tokian bertan. Parte-hartzaileek dutxak ere bertan izanen dituzte eta ondotik gaua pasatzeko kanpina edo furgonetentzako aparkalekua ere izanen dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo