GARA > Idatzia > Editoriala

Beste urrats bat elkarrizketa zigortzeko

Lakuako gobernuko lehendakari Juan Jose Ibarretxeren, eta Batasunaren eta PSEren ordezkarien kontrako epaiketa egiteko EAEko Auzitegi Nagusiak eman duen pausoak ez du zentzurik herritar gehienentzat. Izan ere, onartezina da edozein ordezkari politiko, bere zeregina egiteagatik, hots, arazoak konpontze aldera beste ordezkari batzuekin biltzeagatik, auzipetzea. Orain fiskalak eta akusazioek hamar eguneko epea dute euren iritziz epaiketa egin behar den edo ez esateko.

Eman lezake Ibarretxeren kontrako auzi batez ari garela, eta argi utzi behar da prozesu judizial horretako auzipetu nagusiak ezker abertzaleko ordezkariak direla. Izan ere, Arnaldo Otegi, Pernando Barrena, Juan Jose Petrikorena, Rufi Etxeberria eta Olatz Dañobeitiari desobedientzia delitua egozten diete; Ibarretxeri, Lopezi eta Aresi, berriz, ezinbesteko kooperazioa. Egia da, ordea, Ibarretxeren kasua deigarria dela, ordezkari instituzionala delako; hala ere, hari eskubideak urratzea ez da beste edozein herritarri urratzea baino larriagoa.

Ez da ahaztu behar, bestalde, akusazio hori lege antidemokratiko baten ondorio dela, Alderdien Legearen ondorio, alegia. Nolanahi ere, ezker abertzaleko ordezkariek bilera haietan erakunde politiko baten edo besteren izenean hitz egin izana ez doa formalitate hutsetik harago. Ez da zalantzarik solaskide horiek gizarteko esparru zabal baten ordezkariak direla eta dagokien lan politikoa egiten ari zirela. Gainera, uztailaren 6an PSEko ordezkariekin bildu zirenean, Garzon epaileak ez zuen deliturik ikusi. Hala ere, Auzitegi Nagusiak, helburu politiko ezagunak dituen akusazio baten argudioak onartuta, auziarekin aurrera egitea erabaki zuen. Hala, Estatu espainoleko epailetzaren sektore baten bulkada politikoa agerian geratu zen, bai eta bulkada horren helburua ere: Euskal Herriko gatazka konpontzeko abian jartzen den edozein ekimen oztopatu eta bertan behera utzaraztea. Herritarrek nekez ulertzen dute Auzitegi horren jarduna; elkarrizketa, euskal gizartearen gehiengoak eskatzen zuen -eta eskatzen duen- elkarrizketa kartzelaz zigortu nahi duena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo