GARA > Idatzia > Kirolak

«Gertatu izan zaizkidan gauza txar guztiengatik oso borrokalaria naiz»

Ekaitz SAIES
Piraguista 

25 urteko gazte donostiar honi bizitzak hainbat kolpe eman dizkio, baina bere borrokarako indarrari eta ondoan duen jendeari esker, jipoi bakoitzaren atzetik beti zutitu izan da. Piraguismoaren truke hainbat gauza utzi behar izan dituela aitortzen du, baina zazpi urterekin mundu horretan hasi zenetik bere gogo eta saiakera guztiak jarri ditu munduko onenen artean egoteko. Eta lortu egin du.

Imanol CARRILLO | DONOSTIA

Txapelketa batetik atera eta beste bat prestatzen hasi da Ekaitz Saies donostiarra. Europako Txapelketan, 200 metrotan, bosgarren gelditu ondoren, abuztuko Munduko Txapelketa etxean prestatuko duela adierazi du.

Zein sentsazio utzi zizkizun aurreko asteburuko Europako Txapelketak?

Esperientzia oso polita izan zen. Lehengo urtean ere lehiatu nintzen senior mailan, profesional mailan, Europako txapelketan, baina guztiz desberdina izan zen. Bertan 1.000 metrotan lehiatu nintzen eta orain 200 metrotan, piraguismoan dagoen distantziarik txikiena. Emaitzarekin ere gustura geratu nintzen, baina zetxobait triste domina oso gertu ikusi nuelako eta, kontrako haizea zela-eta, dezima gutxi batzuko aldeaz ihes egin baitzidan.

Nola prestatu duzu Europako Txapelketa hori?

Ez dut denbora asko izan Txapelketa hori prestatzeko. Urte guztian beste distantzia batzuk, olinpikoak, prestatzen aritu naiz, 1.000 eta 500 metroak, alegia. Azkenean, 500 metroen ordez, 200 metroak egin behar izan nituen. Beraz, azken hiru asteetan serie motzak, distantzia motzak eta gimnasioan abiadura lantzen ibili nintzen.

Nola hasi zinen piraguismo munduan?

Zazpi urterekin hasi nintzen horretan. Nire aita arraunlaria zen, baina piragua bat zuen eta mundu horretan sartu ninduen. Oporretan beti joaten ginen ibaien bila eta, pixkanaka, mundu horretan hala hasi nintzela esan daiteke.

Webgune bat baduzu. Nondik dator hori sortzeko ideia?

Nazioarte mailan piraguistek webgunea izaten dute, normalean. Horiek informazioa emateko eta, batez ere, marka babesleentzat erakusleiho izateko egoten dira. Hau da, marka babesleek garrantzia izan dezaten interneten ere.

Zein izaten da zure entrenatzeko metodoa?

Oso gogorra da. Astean sei egunetan entrenatzen dugu. Goiz eta arratsalde eta, batzuetan, hiru entrenamendu ere egiten ditugu egun bakar batean.

Nola ikusten duzu piraguismoaren mundua?

Asko aldatzen ari den kirola da eta profesionalki asko hobetu da sistema berriak ezarrita. Baina hedabideetan oso baztertua dagoen kirola da. Beste kirol batzuk agertzen dira piragua baino lehen, eta emaitza onak egoten direnean baino ez da agertzen horri buruzko ezer.

Nolakoa da Ekaitz Saies piraguismotik kanpo?

Pertsona lasaia batzuetan, baina oso irekia beste batzuetan. Piraguan oso borrokalaria naiz. Betidanik gertatu izan zaizkidan gauzengatik oso borrokalaria naiz eta jipoi baten atzetik beti altxa behar izan dut.

Zaletasun aldetik, musika asko gustatzen zait. Horrekin batera, zinema, igeriketa, naturaren inguruko edozer gauza, irakurketa... Gehienbat itsasoa rekin edo urarekin zerikusia duten ekintzak gustuko ditut.

Nola uztartzen dituzu piraguismoa eta zure bizitza?

Selekzioan egon naizen bi-hiru urteetan, bizitza oso gutxi aprobetxatu dut. Entrenatzeko modua eta atseden orduak oso zorrotzak izan dira.

Abuztuan izango den Munduko Txapelketa prestatzeko selekzioarekin berarekin edo nire etxean entrenatzeko aukera eman didate. Orain arte, Asturiasen prestatu izan dituzte Txapelketak baina segur aski etxean geratuko naiz. Beste mundu mailako onenekin hitz egin dut eta buruz hobeto egon behar dela esan didate. Niri independentzia eta entrenamendutik kanpo bizitza edukitzea gustatzen zait. Beraz, segur aski etxean prestatuko dut Munduko Txapelketa.

Zeintzuk dira piraguismoaren alde onak eta txarrak?

Piraguismoa kirola da eta oso osasuntsua, gainera. Baliteke nire maila gehiegizkoa izatea, baina, azken finean, kirola da. Gainera, naturarekin kontaktuan zaude beti: ura, itsasoa, ibaia... Kirol bezala ez diot alde txarrik ikusten. Maila altuenetan, kirol guztietan bezala, inbidiak eta joko zikinak egoten dira baina, esan bezala, kirol bezala ez diot alde txarrik ikusten.

Bisitatu dituzun tokietatik zein izan da gehien gustatu zaizuna?

Urrunen joan naizen tokia Ameriketako Estatu Batuak izan da. Eta gehien gustatu zaidana edo deigarrien gertatu zaidan ingurua Ekialdeko Europa. Europa osoan egon naiz, baina hori oso deigarri gertatu zitzaidan hemengoarekin alderatuta oso desberdina delako.

Janariari garrantzia ematen al diozu?

Bai, oso garrantzitsutzat jotzen dut janaria. Orain elikaduran sakontzen ari naiz hobekuntzak egon daitezkeela uste dudalako. Goizean karbohidratoak hartzen ditut: pasta, tostadak, urdaiazpikoa edo tortila. Bazkalorduan, pasta jaten dut lehenbizi eta bigarrena plantxakoa jaten saiatzen naiz, arratsaldeko entrenamendua oso zorrotza bada, ondo egoteko. Afarian edozer gauza jaten dut eta noizean behin fruitu lehorrak hartzen ditut.

Zure webguneko «bisita liburuan» badago zure amaren komentario berezi bat. Familia oso garrantzitsua izan da momentu txarretan...

Bizitza osoan pasa dudan momenturik txarrena 19 urterekin gertatu zitzaidan, dopina zela-eta. Egin ez nuen gauza batez akusatu ninduten, baina garai horietan oso zaila zen gaur egun froga daitekeena frogatzea. Dena den, horrek guztiak izaera askoz gogorragoa izaten lagundu dit. Esperientzia gisa, azkar hezitzeko lagungarri izan dela esan dezaket.

Orain, abuztuan izango den Munduko Txapelketa prestatzera.

Bai. 200 metroak nire esku ditut, baina kontrol bat izango dugu Mundiala hasi baino astebete lehenago 1.000 metroak lortzeko. Dena den, 1.000 eta 500 metroko modalitateetan jarri behar dut arreta plazak lortzeko.

Zer esango zenieke familiari, jarraitzaileei edo lagunei?

Eskerrak eman nahi dizkiet guztiei urte hauetan eman didaten laguntzarengatik. Interesgarria izango litzateke jende gehiago hurbiltzea kirol polit eta interesgarri honetara.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo