GARA > Idatzia > Pilota

Pilota

Larretxea eta Ezkurra, garaile Zuberoan

J.L. | DONOSTIA

Olivier Larretxeak eta Paxkal Ezkurrak irabazi dute Garindaineko Torneoa. Azkeneko partidan Sorhuet eta Kurutxari menderatu dituzte, 40 eta 29.

Sekulako jendetza batu zen Garindaineko trinkete berri eta dotorean. 500 ikusleentzat du lekua, eta herrian 300 biztanle bizi dira. Atzo, ordea, finala ikusteko asmoarekin joan ziren zaleek, txiki utzi zituzten harmailak, sarrera guztiak agortu baitzituzten.

Larretxea eta Ezkurra II.a ez ziren atera faborito, dirua Sorhueten eta Kurutxariren alde atera baitzen, baina jokalariek ez zuten asmatu, eta atzo bat baino gehiago joango zen etxera xoxak galduta. Lehen kintzeetan galtzaileak nagusi izan ziren, eta alderik handiena hiru kintzetakoa izan zen, 12-15 aitzinetik izan baitziren, baina gero txapeldunek buelta eman, eta 30-20 jarri ziren aurretik.

Bazirudien partida erabakita zegoela, baina Sorhuetek eta Kurutxarik ez zuten etsi, eta 33-27ra gerturatu ziren. Zuraidekoak eta Urruñakoak, ordea, ez zuten alferrik galdu nahi alde zuten abantaila, eta partida ahalik eta azkarren amaitzera joan ziren, baita horixe egin ere.

Oren eta erdi iraun zuen norgehiagoka honek eta lau pilotariek eman zuten itxura ona. Zaleak, behintzat, oso gustura atera ziren trinketetik. Larretxeak 9 kintze sartu zituen botetik eta SebastienSorhuetek, aldiz, bost tanto egin zituen hasierako jokaldiari esker.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo