GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Iñaki Lasa, Ione Josie Kontseiluko ildo politiko-instituzionaleko arduraduna eta Iparraldeko ildo politikoko ordezkaria, hurrenez hurren

Zer hizkuntza politika euskararentzat?

Pentsatzen dute ezagutzak berez ekarriko duela erabilera, eta hori, jakin badakigu ez dela horrela, erabilera areagotzeko ezagutza herritarren artean zabaldu ez ezik espazioak ere euskaldundu behar dira

Euskararen Erakunde Publikoak Hizkuntza Politika proiektua onartu zuen iazko abenduan. Geroztik Hizkuntza Politika Plangintza aztertu eta baloratu du. Bestetik, EEPren diru laguntzen banaketaren berri ukan dugu, eta horrez gain, egindako lanen berri emateko, Aholku Batzordeko Osoko biltzarra antolatu du.

Egia da, Hizkuntza Politika publiko baten onarpena eta horretarako instituzio baten sorrera urrats nabarmena dela, 1997an Iparraldeko Garapen eta Antolakuntza Eskemak planteatu neurrietatik at doana, eta Euskalgintzako eragileen lanaren fruitua dela. Baina gabeziak ikusten dizkiogu, Hizkuntza Politika eraginkorra eta emankorra bideratzeko behar diren oinarrizko neurriak eskas baitira.

Lehenik eta behin, esan behar dugu, sorpresaz hartzen dugula sei hilabeteko lanaren bilana egin nahi izana, oraindik bozkatu behin betiko egitasmoa ofizialki Euskalgintzari ez zaiolarik aurkeztu. Neurri handi batez EEPren eta Euskalgintzaren arteko harremanen isla da hau. Euskalgintzak behin baino gehiagotan elkarlanean aritzea eta harreman sendoak garatu daitezen galdegin du baina, isiltasuna izan da erantzuna. Bestetik, proiektua lantzerakoan, ondoriozta dezakegu, EEPren Hizkuntza Politika proposamena nagusiki orain arte Euskalgintzak eraman lanetan oinarritzen dela, eta kontuz ibili behar duela, herri-ekimena ez baitu ordezkatu behar ez eta eragileekin lehian sartu behar.

Proiektuan, euskara normalizatzeko arloak eta lan ardatzak agertzen badira ere, borondatearen gainean oinarritu hizkuntza politika bat da, eta badakigu, borondatea ez dela nahikoa hizkuntza bat salbatzeko, bestela nola esplikatu frantses konstituzioaren 2. artikuluaren edota 1994ko Toubon legearen sorrera frantses hizkuntza babesteko. EEPren Proiektuak euskarari ez dio estatus egokirik eskaintzen. Ondorioz, nekez garatuko dira dokumentuan agertzen diren lan ardatz batzuk. Bestalde, lege babesa gure hizkuntza eskubideen errespeturako bermea da, baina EEPk hizkuntza eskubideak aipatu ere ez ditu egiten. Horrez gain, Corpus juridikoa eraikitzeko proposamen bakar bat ere ez du egiten, alta, hizkuntza politika egoki baten zutabe nagusietariko bat da. Izan ere, arkitektura juridiko egokia behar da ez soilik maila orokorrean, maila sektorialean ere. Lau kontzeptuk definitzen dute euskararentzako status egokia: Euskara ofiziala, berezkoa, lehentasunezkoa eta ezagutu beharrekoa izatea.

Proiektua, Hizkuntza Politika baino gehiago, asmo zerrenda da, nola beteko diren eta zer baliabide ekonomiko, administratibo eta giza baliabide erabiliko dituen zehazten ez duena. EEPk berak «ibilbide orri» gisa izendatu duena. Ohar gaitezke ez dela ez helburu, ez epe, ez neurgailu zehatzik. Baina ez da berritasun bat, hots, aitzinpoiektuaren irakurketa plazaratzerakoan Euskal Konfederazioak jadanik kritika egin zien, baina badirudi EEPk ez duela kontuan hartu. Haatik, helburu kualitatibo eta kuantitatiboak eta epe zehatzak dituen hizkuntza politika behar da. Oinarrizko elementuak agertu ez eta, aditz lausoak erabiltzen diren heinean, hizkuntza politikaren emankortasuna neurtu ezina bilakatzen da. Are gehiago, plangintzak falta dira egitasmoak nola garatuko diren ezagutzeko.

Bestalde, Administrazio nagusitik toki administraziora doan hizkuntza politika behar du euskarak, kasu honetan, instituzioek edota Estatuko administrazioek ez dute engaiamendurik hartzen, ez zerbitzuak euskaraz eskaintzeko, ez eskubideak bermatzeko, ez planak abiatzeko, ez euskaldunak kontratatzeko... Eta, gainera, administrazioen funtsezko zerbitzuen euskalduntzeko biderik ez du zehazten. Aipagarria da alor sozio-ekonomikoa euskalduntzeko egitasmo gabezia.

Proposamena, beraz, desorekatua ikusten dugu, belaunaldi berriei begirakoa, jadanik ezagutzen dugun hutsunean berriz ere eroriz, hau da, pentsatzen dute ezagutzak berez ekarriko duela erabilera, eta hori, jakin badakigu ez dela horrela, erabilera areagotzeko ezagutza herritarren artean zabaldu ez ezik espazioak ere euskaldundu behar dira.

Proiektuak euskararen normalizaziorako bidea irekitzen du, urrats garrantzitsua da, baina oraindik gabezia handiak ditu, hala nola Corpus juridiko eza, borondatearen gainean oinarritua izatea, aurrekontu murritzegia eta bitartekoz ongi hornitua ez izatea, hizkuntza eskubideen aitorpen falta, helburu, epe eta neurgailuen zehaztapen falta, egiazko neurri planifikazio bat ez aurkeztea, sailarteko hizkuntza politika ez abiatzea, jendarteko sektore guzietara iristeko modukoa ez izatea, Administrazio Nagusitik Toki Administraziorainokoa, Euskalgintzako eragileekin harreman sendorik ez eraikitzea.

EEPk Euskalgintzak ez dituen ahalak eta baliabideak dituen heinean, plangintzaren betetze maila emankorragoa izan behar da, ausartagoa... Horregatik berriz ere botere publikoek, Estatuak, koherentziaz jokatu dezaten galdegiten dugu, proiektua onartuz, lan ardatz eta proposamen hauek beharrezkoak direla aitortu dute, ondorioz, horren araberako neurriak hartu behar dituzte Hizkuntza Politika egoki eta eraginkorra abiatu dadin. Baina zalantzak sortzen zaizkigu, zer-nolako Hizkuntza Politika eraman dezake EEPk, Sarkozy lehendakari jauna Konstituzioaren 2. artikuluaren aldaketaren kontra edota Eurokarta berrestearen kontra agertzen delarik?

Euskarari Hizkuntza Politika egokia eta emankorra zor zaio!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo