GARA > Idatzia > Mendia

eskalada Itsasoaren gainean sokarik gabe

Psikoblokea Eskalada freskagarria

70eko hamarkadan sortutako mugimendu hau gero eta zale gehiago biltzen ari da. Gure inguruan Mallorcako uhartea da alderdi esanguratsuena, eta hango bide zailenetakoa den «Two smooking barrels» (8a/20) igotzea lortuta itzuli da bertatik Gorka Karapeto.

Andoni ARABAOLAZA | DONOSTIA

Bulderra eta kirol eskaladaren artean koka daiteke psikoblokea. Bata ala bestearen adarra izan, mugimendu berria, espezialitate aldendua, benetako eskalada librea... Askotan ez dakigu non lotu behar den, eta batek baino gehiagok galdetuko du: «Zergatik lotu behar ote da?». Psikoblokea aurkeztea erraza da: sokarik gabeko eskalada itsasoaren gainean. Katu-oin pare bat (oso gutxi dira erabiltzen ez dituztenak) eta magnesio poltsa batekin nahikoa da psikoblokea egiteko. Hori, jakina, materialari dagokionez. Sasoiko egotea eta garaiera handitik itsasora erortzeko beldurrik ez izatea dira beste osagaiak.

Betidanik eskalatu izan da itsasertzean altxatzen diren paretetan zein blokeetan, baina aitzindariak bilatu nahi baditugu 1978. urtera egin behar dugu atzera. Euskal Herritik gertu, Balear Uharteetan, eta zehazki esanda Mallorcan, Jaume Payeras, Eduardo Moreno, Pau Bover eta Miquel Riera eskalatzaileak izan ziren mugimendu honi aurpegia jarri ziotenak. Porto Pi inguruan ireki zituzten lehenengo bideak, eta baita psikoblokeko lehenengo eskola sortu ere. Rieraren ustez, psikoblokea ez da eskalada klasikoaren edo egungo kirol eskaladaren adar edo luzapena, blokearena baizik. 80ko hamarkadan, berriz, eskalatzaile hauek sektore berriak zabaldu zituzten, eta kateatutako bideei informazio zehatzena ematen hasi ziren: garaiera, zailtasuna, estutasuna edo arriskua... Hurrengo hamarkadan, berriz, Ingalaterran ez bezala, Mallorcako psikoblokeak ez zuen garapen handirik izan. Baina azken urteotan egoera hori irauli eta uharte horretan egundoko goraldia izan du. Horren «errua» Klem Loskot, Alex Huber, Chris Sharma... eta antzeko goi mailako eskalatzaileek zein hedabideetako izarrek izan dute.

Riera eta enparauek aurreratu duten bezala, Mallorcan psikoblokea egiteko garairik egokiena ekainaren amaieratik urrira arte izaten da, batez ere iraila eta urria. Zailtasun eskalari dagokionez, eskalatzaile hauek honako erabiltzen dute: MF (6a/b), F (6c/7a), AD (7b/c), D /8a/b) eta MD (8c/9a). Eta ondoan zenbaki bat jartzen dute. Adibidez, 5 zenbakiak adierazi nahi du garaiera horretatik aukera handiak daudela erortzeko.

Horiek dira, oro har, batez ere Mallorcako psikoblokearen ohar bakan batzuk. Informazio gehiago nahi duenak, aitzindarietako batek, Miquel Rierak, «Desnivel» aldizkarian argitaratu duen «Psicobloc Mallorca. Psicobloc, deportiva, bulder» gidan aurki dezake.

Adrenalinaz blai

Nahiz eta goraldia izan duen, psikoblokearen alde apustu egin dutenak ez dira gehiegi. Probatu bai, baina horregatik ez dute blokea eta kirol eskalada alde batera utzi. Probatu dutenen iritzia jaso nahi genuen eta hara non duela pare bat aste Mallorcan izan den goi mailako euskal eskalatzaile batekin egin dugu topo: Gorka Karapeto. Azpeitiarrak adierazi digun bezala, aspaldian zuen gogoa: «Urtero-urtero esaten nion neure buruari psikoblokea probatu nahi nuela. Tira egiten zidan, eta orain dela gutxi han izan naiz. Uf, egundoko esperientzia izan da. Oso sentsazio handiak bizi izan ditut, nire eskalada ibilbidean sentitu ez dudana han bizi izan dut. Adrenalina gogorra. Pasarte bat kontatuko dizut. Hamabost metrora nengoen eta han gainditu behar nuen igarobide gogorrena. Den-dena eman nuen, gainditzea lortu eta oihuka hasi nintzen. Rierak adierazi zidan: `Gorka, psikoblokea bizi eta sentitu duzu'. Psikoblokea egiteko maila behar duzu izan, baina burua bere lekuan izatea are garrantzitsuagoa da. Bai, dena eman behar da».

Karapetoren ustez, psikoblokeak etorkizuna izango du, hots, indartzen joango da. Baina, era berean, hirugarren tokian geratuko dela esan du, betiere, kirol eskalada eta blokearen atzetik. Sentsazio berriak bizitzeko oso aproposa dela uste du azpeitiarrak: «Eskalatzen duzunean, pentsatzeko astia ematen dizu. Atseden on bat hartu ondoren, jakin badakizu pixka bat gorago duzula igarobide gogorrena. Ziur aski 8, 10 edo 12 metrora, eta asmatzen ez baduzu, badakizu itsasora eroriko zarela. Hori bai, kontu handiz ibili behar duzu, erorketa txar batek min handia eragin baitezake».

Gozatzeaz gainera, euskal eskalatzailea hango izarretako bat den Two smooking barrels (8a/20) bidea igota itzuli da. «Klem Loskot izan zen bidea zabaldu zuena. Haren bideoa ikusi nuenean erabat harrapatuta geratu nintzen. Mallorcara joan eta hori egin nahi nuen. Oso jende gutxik kateatu du, eta nik bigarren saioan erdietsi nuen», esan digu pozez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo