GARA > Idatzia > Kultura

«Txinan arte mugimendu handia abiatzen ari da eta hara noa lanera»

JUDAS ARRIETA

MARGOLARIA

Tenerifetik ailegatu berria da, eta Pekinerako bidaia prestatzen dihardu Judas Arrietak (Hondarribia, 1971). Egun gutxiko tartea izanik ere, Donostiako Vito 021 galerian bere azken erakusketa inauguratzeko beta hartu du. Bertan, abuztuaren 31 bitartean, bere marrazkiak izango dira ikusgai. Uda oparoa espero du; izan ere, Euskal Herriko estudioa Pekinen alokatutako baten truke aldatzea erabaki baitu.

Josune VELEZ DE MENDIZABAL | DONOSTIA

Erabakia hartua du. Bihar hartuko du Pekinerako hegaldia. A-buztuaren 11n Japoniara bidaiatuko du, bertako museo batean hamabost egun egoteko. «Areto batean izango naiz lanean, jendeak artelanaren prozesua ikus dezan. Artelanean baino areago prozesuan oinarrituriko egitasmoa da. Horretaz gain, datorren urtean, Donostian, Madrilen eta Bartzelonan ere erakusketak jarriko ditut», aipatu du.

Tenerifetik etorri berria. Zerk eraman zaitu hara?

Arte Ederretako Udal Museoan dauden arte garaikideko geletan inauguratu dut erakusketa bat. Proiektu bat egitea proposatu zidaten eta polita iruditu zitzaidan. Izan ere, nire amona Tenerifekoa da izatez, eta nik hara eginiko lehen eta bidaia bakarra 10 urte nituela izan zen. Bertan azterketa bat egin dut; hau da, nire pinturan erabiltzen ditudan elementuak bertako folkloreko beste elementu batzuekin nahasi ditut. Azkenaldi honetan horretan nabil; leku ezberdinak ikusi eta bertako tradizio eta folkloreko irudiak nahastu. Euskal Herriari dagokionez, pilotariak edo poxpolinak aukeratu ditut, besteren artean.

Zein da hainbat tokitako elementu, irudi edo ezaugarriak nahastearen helburua?

Elementu horiek amuaren funtzioa dute. Jendeak artea ikusi eta ez duela ulertzen esaten du. Horregatik, euren inguruko, gertuko edo maite dituzten elementu horien bitartez jendea artera hurbiltzea bilatzen dut. Gauzak hala, lanaren eta ikuslearen arteko erlazioa ezartzen da.

Donostian, gaur bertan, «Relax Draws» izeneko azken bi urteetako marrazkien hautapena inauguratu duzu. Zertan datza erakusketa?

Vito 021 galerian marrazkien aukeraketa bat ikus daiteke. Horien bitartez nire azken bi urteetako lanean izandako prozesua antzeman daiteke. Nik neuk i-kusita jabetzen naiz nire bizitzarekin paralelo doazen kontuak gehitzen joan naizela. Erabiltzen ditudan elementuek garrantzi sentimentala dute, eta ez formala. Horrek askatasun handiagoa ematen dit marrazkien bitartez kulturen arteko elkarrizketa sortzeko. Txinako, Japoniako eta Euskal Herriko gau- zak nahasten ditut marrazkietan, eta orok osatzen dute familia interkultural bat. Margoak e-giten baditut ere, marrazkiak dira nire sormen lanaren oinarria, marrazkietan sortzen baita margoetan ostera agertuko dena. Margoekin alderatuta marrazkiekin lan egiteko modua ezberdina bada ere, eurak dira nire sormeneko laborategia.

Txina aipatu duzu. Behin baino gehigotan egon zara bertan. Zure lehendabiziko urtea 2005a izan zen; «oilarraren urtea» izan zen hura, eta ateak ireki zizkizula ere aipatu duzu. Horretan sinesten al duzu?

Sinistu agian ez baina gutxienez kontuan hartzen ditudan gauzak dira. Txinatarrek egiten duten antzera, askotan nire marrazkietan zortea emango dida- ten elementuak sartzen ditut. Nik gauza batzuetan sinestu nahi dut, eta artearen bidez lor dezaket. Txinan ere posible da, ez baitago erlijio baten menpe egon beharrik, ezta behartuta erlijio bat hautatzera. Baina urte berria ailegatzean, sinistu edo ez, etxeak ikurrekin apaintzen dituzte. Nik gauza bera egiten dut badaezpada ere, ez baita ezer kostatzen.

Garai horretako bidaia izan zen Txinara egin zenuen lehena. Ordutik zure arteak Ekialdeko ezaugarriak ditu nagusi. Zein eragin izan du ekialdeko kulturak zure lanean ?

Nire lan egiteko modua ez da aldatu. Koloreak ditut margotzeko eta, bestetik, irudiak. Zenbat eta herri edo nazio gehiagotan egon, orduan eta handiagoa da irudiekin dudan erlazio sentimentala. Txinara joan nintzenean proiektu batzuk egitera joan nintzen, bertan geratzeko asmorik gabe. Gaur egun, ordea, kristoren mugimendua dago han, eta Pekinen artista batentzako aukerak Euskal Herrian baino interesgarriagoak, freskoagoak eta aberasgarriagoak dira. Pentsa, nire bertako estudioaren inguruan 100 artista baino gehiago daude lanean, eta horrek aukerak biderkatzen ditu. Beste adibide bat jarriko dut. Euskal Herrian sei-zazpi bat urte eman nituen erakusketak egiten koadro bat saldu orduko; Txinan, berriz, lehen erakusketan lanak saldu nituen. Txinan egonda, Japoniara joateko aukera suertatu zait, eta horrelako gauzak bertan gertatzea ez da erraza.

Hortaz, Pekinera joango zara bizitzera, baita lan egitera ere. Zenbat denboratako, baina?

Estudioa hiru urterako alokatu dut. Joan eta etorri egin dut. Pekingo estudioak 200 metro koadro ditu, eta bertan ordaintzen dudanarekin hemen 20 metrokoa izango nuke. Nekatuta nengoen, eta lan egiteko baldintza onetan zegoen estudioa. Izan ere, estudioa ez baitut margotzeko soilik erabiltzen, baizik eta edukiez betetzeko ere, hala nola jaiak egiteko, orain Uruguaiko artista baten erakusketa muntatzeko edota Fundacion Rodriguezeko bideoarte ediziorako. Estudioari izen bat eman nahi diot, eta hemen ezin da horrelakorik egin. Txinan, berriz, aukera handiagoa dago edozer gauza egiteko.

Orduan Txina izango al da aurrerantzean kultur garaikidearen bultzatzailea?

Txina gaur egun izugarrizko mugimendua izaten ari da arte munduan; eta nik pentsatzen dut, beste artista askok bezala, horrelako mugimendu artistiko batek, edozein tokitan dela, ez duela bakarrik bertako artisten kontua izan behar, baizik eta munduko beste sortzaileen ikuspegia ere garrantzitsua dela. Orain gauzatzen ari da, eta orain da hori egiteko unea.

 
SALMENTAK

«Euskal Herrian sei-zazpi bat urte eman nituen erakusketak egiten koadro bat saldu orduko; Txinan, berriz, lehen erakusketan lanak saldu nituen»

irudiak

«Nire lan egiteko modua ez da aldatu. Zenbat eta herri gehiagotan egon, orduan eta handiagoa da irudiekin dudan erlazio sentimentala»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo