GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Aizkora Sanferminak

Nafarroak segurtatuta dauka jarraipena

17 urteko lau aizkolarik, eta 18 urteko batek lortu dute Herrialdeko Hirugarren Mailako finala jokatzeko txartela, eta geroari begira jarrita, hori oso ona da

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Nafarroak segurtatuta dauka aizkolaritzaren etorkizuna. Atzo Hirugarren Mailako herrialdeko kanporaketa jokatu zuten Iruñean, eta 17 urteko lau aizkolarik, eta 18 urteko batek lortu zuten finalerako txartela.

O. Larretxea, G.Larretxea, Olano, Kañamares III.a eta Erasun izan dira sailkatu diren kirolariak. Atzo Iruñean jokatu zuten kanporaketa, eta aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko erdibitu behar izan zituen. Hamahiru ziren izatekoak, baina Elizondo anaietako batek huts egin zuen, eta hamabi lehiatu ziren. Estreinako bostek lortu zuten aurrera egitea.

Garikoitz Laretxea, Donatoren semea, izan zen denetan azkarrena, eta minutu erdiko aldeakendu zion Olanori. Sailkatu direnen artean, hau da ezezagunena, atzo plazaratu baitzen lehen aldiz leitzarra, behintzat lehiaketa ofizial batean. Beste laurak Urrezko Aizkoran aritu dira bai binaka eta bai banaka, eta txapelketa gehiagotan ere elkar ikusi dute.

Atzo lehian aritu zirenen aizkolarien artean baziren 30 urteetara inguratzen zirenak ere, baina inork ezin izan zien aurre egin gazteei. Sailkatu diren bosten artean zaharrena Kañamares III.a da, eta berak 18 urte ditu. Hori bai, Erasunek doi-doi lortu zuen sailkapena, ehuneneko gutxi batzugaitik hartu baitzion aurre Castrori.

Atzo jokatu zuten motozerra lehiaketa ere, Euskal Herrian egiten den bakarra, eta lau proba egin ostean, Migel Anjel Mariñelarena izan zen denetan onena.

Geratzen dena

Gaur ere 12.00etatik aurrera izango da herri kirol jaialdia Foruen plazan, baina ez dute txapelketarik jokatuko. Hala eta guztiz ere, ikuskizunik ez da faltako, bertan izango baitira Mieltxo Saralegi, bai eta Koxe Bikondoa ere. Bihar itzuliko dira berriro ere lehiaketak, eta Herrialdeko hiru txapelketa jokatuko dituzte, gainera.

Ingude-altxatzean, X.Sein, C.Sein, Urrutia eta Bujan neurtuko dira. Mutilen txinga proban, berriz, Igoa, Patxi Larretxea, Sukuntza eta Txoperena izango dira Herrialdeko txapelaren lehian arituko direnak, eta azkenik, nesken txinga txapelketan, Ariztegi, Sousa, Almandoz eta Iriarte arituko dira nor baino nor.

GAZTEAK

Aizkolari gazte hauen artean jende ezaguna dago; izan ere, jadanik lehiaketa dezentetan baitabiltza, eta beste batzuen kasuan, berriz, aizkolarien semak dira. Larretxeatarrak edo Kañamaresek, badute non ikasia

Motozerra

Iruñean egiten dute motozerrarekin jokatzen den lehiaketa bakarrenetakoa. Lau proba egin behar izan zituzten kirolariek, eta azkenean Mariñelarenak eraman zuen txapela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo