Arabako Patronalaren norgehiagokak ez ditu langileen egoera aldatzeko aukerak zabalduko
Arabako Patronalaren erakundea, SEA, krisialdiak jota dabil azken urte hauetan. 2004an, prozesu gatazkatsu baten ostean Carlos Zarceño presidente hautatu zutenetik, bi sektore gorpuztuz joan dira erakundearen kontrola eskuratzeko zabaldu den lehia bizian. Batetik, korronte baten buru Alfonso Sainz da, SEAko presidenteorde eta Carlos Zarzeño orain arteko presidente eta ideologikoki PPrekin identifikatzen denaren soka berekoa. Bestetik, sektore «kritikoa»ren buru Gregorio Rojo (PSE) da, Vital Kutxako presidentea. Baina bi korronte ideologikoen lehia izan beharrean, famili politiko-ekonomiko biren arteko bando-gerra ematen du gehiago. Izan ere, bi urte luze hauetan ez dugu bi sektoreen ahotik estrategia patronal desberdinak defendatzeko argudiorik entzun, ezta lan-politika diferenteak ezartzeko borondaterik ere. Horiek hala, Arabako enpresaburuen arteko liskar horrek ez du langileen esparruan esperantzarik sortzeko aukerarik ematen. Arabako enpresaren tarta nola banatu erabakitzen ari da Patronala, baina langileekiko jarrera bakarra agertzen dute. Horren adibide, Metalgintzako langileen eskakizun guztiei orain artean eman dioten ezetza borobila.