GARA > Idatzia > Euskal Herria

Espainiako poliziak Aritz Arginzoniz elorriarra atxilotu zuen Santanderren

Estatu espainoleko Poliziak Aritz Arginzoniz bizkaitarra preso hartu zuen atzo, Santanderko autobus geltokian. Gazte elorriarrak 2006ko abenduan ihes egin omen zuen, Ertzaintzak Zornotza eta Atxondo inguruetan lehergaiak gordetzeko bi biltoki atzeman eta gero.

GARA |

Aritz Arginzoniz elorriar gaztea atxilotu zuen atzo eguerdian Estatu espainoleko Poliziak Santanderko autobus geltokian. Berri agentzia espainolek zabaldutako albisteen arabera, bizkaitarrak bere burua «ETAko kidetzat» jo zuen atxiloketaren mementoan. Horrekin batera, eta betiere polizia informazioaren arabera, Arginzonizi pistola bat eta tenporizadore bat atzeman zizkioten soinean zeraman bizkar-zorro baten barnean.

Horiek hala, informazio iturri beren arabera, gazte bizkaitarrak 2006ko abenduan Atxondo eta Zornotza inguruetan Ertzaintzak topatu zituen ETAren biltokiekin zerikusia dauka.

Orduan, Elorrioko bere etxea eta gurasoena arakatu zuen Polizia autonomikoak. Hala eta guztiz ere, ez zuten Arginzoniz atxilotu. Geroztik, gazte bizkaitarra atxilotzeko agindua zegoen. Alde horretatik, Garikoitz Etxeberria eta Asier Larrinaga Azkainen atxilotu zituen Estatu frantseseko Poliziak 2007ko urtarrilaren 9an, eta polizia operazio berarekin zerikusia ei zuten horiek.

Atzoko atxiloketaren ondoren, Polizia espainolak eta bertako poliziak Santanderko tren geltokiko hainbat gune inguratu eta bertan zegoen jendea aterarazi zuten. Horrekin batera, gutxi gorabehera 45 minutuan, Kantabriako hiriburuko autobus geltokia inguratu zuten poliziakideek.

Estatu espainoleko Barne Ministroaren ohar batek adierazi zuenez, Polizia espaniolak «terrorismoaren aurkako alerta bigarren maila gorenean» jarri du. Alde horretatik, Santanderren eta inguruan ETArekin ustezko zerikusia duten pertsona gehiagoren bila dabiltza. Horrekin batera, Polizia iturrien arabera, erakunde armatuak Kantabriako hiriburuan erabil dezakeen etxebizitza bat baden aztertzen ari dira.

MOBILIZAZIOAK

115 lagun bildu ziren atzo Elorrion Arginzonizen atxiloketa salatzeko. Inkomunikazio epea darraiten bitartean, protestadiak jarraituko dute Bizkaiko herrian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo