GARA > Idatzia > Euskal Herria

Mamira joateko eskatu dio Ezker Abertzaleak Lakuari

GARA |

Lakuak eskubide zibil eta politikoak sustatzeko aurkeztutako planak zeresana eman du politika munduan. Atzo, Ezker Abertzalea talde parlamentarioaren txanda iritsi zen. Horrek, ordea, gatazka politikoak sortzen dituen ondorioak gainditzeko biderik «zuzenena» era horretako planak egitea baino areago gatazka politikoa bera konpontzea dela ohartazi zion Ibarretxe buru duen kabineteari.

Talde parlamentarioak igorritako prentsa adierazpenean, orain artean, arabar, gizpuzkoar eta bizkaitarren eskubide zibil eta politikoen alde Gasteizko Gobernuak «ezer gutxi» egin duela esaten da.

Kritiken gainetik ordea, plana, «orain arte egin ez den» eskubideen defentsa egiteko, «egokia» izan daitekeela azaltzen da. Baina ez dira baikor agertzen ezker abertzaleko kideak. Negozioazio prozesuan hirukoaren gober- nuak jokatutako paperari so eginda, ostiralean aurkeztutako planari «errekorrido handiegirik» ikusten ez diotela nabarmentzen dute talde parlamentarioko kideek.

«Hitzetatik ekintzetara igarotzeko garaia» da taldearen aburuz. Alde horretatik, deklarazio edota komisioen osaketan gelditu baino areago, gatazka gaindituko duen prozesu politikoan «partaide aktibo» izatera gonbidatu du Lakua.

Plangintza horren prestaketan, hirukoaren gobernuak, agintari politikoaren rola ordez, «esatari politikoaren papera» jokatzen duela deritzo talde independentistak. Euskal Herriko gatazkaren erdigunean bere burua jarri nahi izatea leporatu diote Ibarretxe buru den Gobernuari. «EAJk, EAk eta EBk gatazkan inolako ardurarik izango ez balute bezala», gehitu zuen talde parlamentarioak.

Alta, Lakuako Gobernua gatazka politikoan «erabat murgilduta» dagoela oroitarazi nahi izan du taldeak, eta horren adibide gisa, Alderdien Legea indarrean jartzea edota Ertzaintzaren jarrera aipatu zituen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo