GARA > Idatzia > Kirolak

selekzioak ESAIT

ESAIT, federazioak pribatizatzearen alde

Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldeak ez du batere ondo ikusten Paulino Luesmak hartutako jarrera

Imanol CARRILLO | BILBO

ESAITeko kideek Paulino Luesmaren adierazpenei erantzuna eman zieten atzo Bilbon emandako prentsaurreko batean. Gobernu espainolak EAEn duen ordezkariak 19 euskal kirol federazioren estatutuen kontra administrazioarekiko auzi-prozesu helegitea aurkeztu zuen herenegun.

Ekintza hori egiteko Luesmaren arrazoia honakoa izan zen: «Estatu eta nazioarte izaera eman nahi diote euskal kirolari». Gainera, hainbat informazio agentziek informatu zutenez, Luesmak Euskal Herriko Justiziako Auzitegi Nagusiaren aurrean inpugnatutako federazioaren estatutuek «Estatuko araudien kontra egiten diete».

Luesmak aurkeztutako helegiteak honako federazio hauei eragingo die: euskal txirrindularitza federazioa, karatea, kirol egokitua, eskubaloia, euskal kirol eta jokoak, atletismoa, igeriketa, borroka, samboa, halterofilia, gimnasia, surfa, hipika, triatloia, automobilismoa, errugbia, judoa eta lotutako kirolak, xakea, urpeko ekintzak eta tiro olinpikoa.

Iñigo Santxo ESAITeko aholkulari juridikoaren hitzetan, plataforma honek «eskubide pribatuaren bidez, federazio nazionalak eratzea onartzen duen Euskadiko eta Nafarroako kirol-arauen aldaketa defendatzen du. Horiek, ondoren, Madrilen egon zitezkeen erasoak blindatuko lirateke».

Paulino Luesmak konpetentziari buruz ere hitz egin zuen. Euskadiko Kirol Legearen kontrako helegitea aurkeztearen arrazoia honakoa izan zela adierazi zuen: «Euskadiko Kirol Legeak Estatuko eta nazioarteko izaerazko ordezkari bat eman nahi zion euskal kirolari. Espainiako Konstituzioko 149.1.3 artikulua urratzen du». Artikulu horrek nazioarteko harremanetan konpetentzia osoa ematen dio estatu espainolari.

ESAITek badu erantzuna hori dela-eta: «Luesmak esaten du nazioarteko harremanak Estatuaren berezko konpetentzia direla, baina federazioen arteko konpetentziak, horiek pribatuak diren momentuan, Estatuaren boteretik kanpokoak izango dira», adierazi zuen Santxok.

«Nazioarteko Olinpiar Batzordea, UEFA, FIFA eta munduko kirola arautzen duten erakundeak pribatuak dira, beraz, mundu osoan jardun daitezke. Guk gauza bera bilatzen dugu», gehitu zuen ESAITeko aholkulari juridikoak.

Sentimenduak

Iñigo Santxok honako hau mantendu zuen: «ESAITek urte honen hasieratik, elkarrizketa bat mantendu du Lakuako hainbat eragile politikorekin eta alderdi politiko gehienen interesa aurkitu du».

«Euskal federatuek federazio nazionalak nahi duten momentuan eratzeko aukera izan dezatela nahi dugu eta, horrela nahi badute, nazioartean lehiatzeko aukera izan dezatela», nabarmendu zuen ESAITeko Iñigo Santxok.

«Aukerazko irizpideak jarraitzen ditugu, eta ez inposatzekoak, Luesma jaunak eta Zapateroren Gobernuak egiten duen moduan. Estatu espainoleko Gobernuak kirolari euskaldunak sentitzen ez duten bandera baten koloreengatik lehiatzea zigortu nahi dituzte edo, aitzitik, baztertzera», nabarmendu zuen. «Euskaldun gisa lehiatu nahi duenak, lehiatzeko», gehitu zuen Santxok.

«Luesma guztiz errealitatetik ateratzen da. Argia eta nabarmena da euskal iritzi publikoa, esparru eta modalitate guztietan ofizialki parte hartzearen alde dagoela erabat», amaitu zuen.

Alderdiek gogor kritikatu dute Luesma

Batasunaren ustez, Luesmak «Torkemada inkisidorearen papera hartu du eta euskal herritarren borondatearen gainetik jartzeko gogoa eta intentzioa erakusten ari da azkenaldian etengabe egiten eta esaten ari denarekin».

Era berean, Jaurlaritzaren jarrera «tamalgarria eta lotsagarria dela» nabarmendu zuen alderdi abertzaleak.

Lakuak Luesmaren ekintza ere kritikatu, eta hitz batzuk izan zituen berarentzat: «Ordezkatzen duen zeregin bakarra gizarte honek dituen proiektuak oztopatzea da».

Eusko Alkartasunak oso larritzat jo zuen gobernu espainolak hartutako erabakia. «PSOEk euskal gizartearen borondatearen kontra erabateko mespretxua adierazten du berriro ere. Gizarteak euskal selekzioen ofizialtasuna aldarrikatzen du eta euskal kirolari guztien eskubidea babesten du Euskadi edozein konpetizio ofizialetan, estatuan zein nazioartean, ordezkatzeko», adierazi zuen.

Begoña Lasagabasterrek iragarri duenez, ekimen batzuk aurkeztuko ditu PSOEri azalpenak eskatzeko.

I. C.

ERRONKA

Euskal alderdiek, sindikatuek, kirolariek eta herritarrek behin baino gehiagotan adierazi dute euskal selekzio nazionalen alde daudela eta nazioarteko kirol lehiaketa ofizialetan parte hartzeko gogoa dutela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo