«Gerrako Haurrak» omendu dituzte Belgikan
Askok etxera buelta egin zuten; beste askok atzerrian egin dute bizia. Altxamendu faxistatik ihesi 1937an Belgikara bidalitako haurrak omendu zituzten atzo Gantes hirian; askok ezin izan zioten emozioari eutsi.
GARA |
1936ko altxamendu faxistatik ihesi Belgikara bidalitako Euskal Herriko haurrak omendu zituzten atzo, Gante hirian (Flandes). Udaletxeko Pacificacion aretoan, hiriko alkate Daniël Termont-ek 1937ko apirilaren 26an izan zen Gernikako bonbardaketa izan zuen hizpide, eta, hain zuzen ere, eraso hura hainbat gurasok seme-alabak atzerrira bidaltzeko arrazoi izan zela gogorarazi zuen.
Orotara, uste da 5 eta 13 urte bitarteko 35.000 haurrek hartu zutela, besteren artean, Britainia Handirako, Alemaniarako, Suitzarako, Danimarkarako, Mexikorako eta Belgikarako bidea. Euskal Herria utzi behar izan zuten lehen haurrak hartu zituen Gante hiriak. Orotara, Belgika osora 5.300 bat gazte joan ziren. Askok berriz ere etxera bidea egin zuten gerra amaitu zenean, baina beste batzuk bertan geratu ziren, eta egun Belgikan bizi dira.
36ko Gerraren ondorioz etxea utzi behar izan zutenen artean da Soledad Diaz bilbotarra. 1937. urteko uztailean iritsi zen Belgikara bi anaiekin, eta Diest herriko familia batek hartu zuen etxean. II. Mundu Gerra hasi zenean Belgika utzi behar izan zuen, baina hori bukatu bezain laster itzuli zen, eta bertan egin du bizia gaur arte.
«Bilbora joango naiz hiltzera»
1937. urtean etxea utzi eta berriz ere itzuli ez direnen artean dago Este Arozena 83 urteko bilbotarra ere. 70 urte daramatza Ganten bizitzen, Gernika bonbardatu ondoren Habana ontzian sartu eta Euskal Herritik eraman zutenetik. Arozena emozioz gainezka agertu zen atzo egin zuten omenaldian, eta «Bilbon hiltzeko asmoa» duela esan zuen eta horregatik erosi dutela pisu bat bertan.
Orotara, 36ko Gerratik ihesi joandako 300 bat lagun batu ziren atzo, Ganteko Udaletxean. Ekitaldiaren antolatzailea, Manuel Mugika, guztiei zuzendu zitzaien, eta omenaldia «eskaini ahal zaien gutxiena» dela adierazi zien. «Zuen sufrimendua gure poztasunaren oinarri izan dela ulertzen dugu; izan ere, zuei lapurtu zizueten gaztetasuna eskaini diguzue guri», esan zuen hunkituta. Mugika bera Belgikara ihesi joandako haur baten semea da.
Omenaldian izan zen Juan Joxe Ibarretxe lehendakaria. «Zenbatetan esan izan didazue: `Niri inork ez dit barkamena eskatu'», adierazi zuen, eta jarraian honakoa esan: «Gaur, hemen, lehendakariak, euskal herritarren izenean, barkamena eskatzen dizue». Halaber, belgiarrei eskerrak eman zizkien haurrei egindako harreragatik. Ekitaldi horretaz gain, Trefpunt eta Niños de Guerra elkarteek bestelako ekintzak antolatu zituzten Vlernika izenburupean, bai eta Euskal Herrira ekarriko duten haurrei buruzko erakusketa bat. Horretaz gain, multimedia eta musika ikuskizun batez gozatzeko aukera izan zuten.