kanpotik
Egun motela
Gaizka LASA
(Karpin-Galicia)
Atzokoa txirrindularientzat egun lasaia eta erosoa izan zela esango dute askok. Baina nik beste adjektibo bat erabiliko nuke. Motela. Eta honek bere alde txarrak ere baditu. Seigarren kilometroan tropelak bi iheskideri baimena ematen ziela ikusita, bat baino gehiago poztu egingo zen. Izan ere, bakearen seinale izaten da hori. Normalena, protagonismoa lortzeko, hau da, ihesaldia harrapatzeko, ordu edo ordu eta erdiko borroka izaten baita. Eta minutu horiek ez dira batere errazak. Are gutxiago aurreko etapan kolperen bat hartu bada. Abiadura oso bizia izaten da etengabeko erasoak direla eta. Gero, baimena dator, atsedena, eta etaparen beste zati baten hasiera. Minutu batzuk pixa egiteko hartzen dira. Pixka bat lasaitzeko. Kotxeetara ura edo janaria bila joateko. Edo lankideekin solasaldi txiki bat izateko. Baina gero, talde batzuk lanean hasi eta erritmo iraunkor bat hartzen du lasterketak. Atzo, ordea, minutu lasai horiek gehiegi izan ziren. Eta hori ere ez du nahi izaten txirrindulariak. Gorputza ohituta dagoen baino polikiago hainbeste denboran joatea azkenean aspergarria ez ezik deserosoa gertatzen da. Kilometroak pasatzen ez direla ematen du. Bizikleta gaineko postura guztiak nekagarriak dira. Monotonia gailentzen da. Eta hanketako giharrak ere alfertzen dira. Horregatik, bukaeran etapa bat-batean hainbeste bizitzean gorputz batzuei kosta egiten zaie lasterketaren egoera berriari neurria hartzea. Eguna oso luzea egiten da. Helmugara berandu iritsi eta dena korrika egin behar. Azken kilometroetako beroaldiari, beraz, prisa handiagoa eta urduritasuna batzen zaizkio. Eta azkar ibili arren, ez da ordutegi arrunta berreskuratzen. Asko masajerik gabe, eta gehienak laburragoa jasota geratu ziren atzo. Merienda eta afaria pilatu. Eta ohera besteetan baino berandu eta aztoratuago.