Nazioartean egiten duen lanaren aurkako hedabide-jazarpena salatu du Batasunak
Hainbat egunkari espainolek argitaratutakoaren oinarrian, ezker abertzalearen nazioarteko jarduera «desitxuratu eta kriminalizatzeko helburua» dagoela salatu du Joseba Permachek. Gainera, ezker abertzalearen kontrako «eraso iraunkorrean» sartu du.
Oihana LLORENTE |
Azken egunetan ``El Mundo'' eta ``Abc'' egunkariek Batasuneko mahaikide Joseba Alvarezen gainean argitaratutakoaren inguruan, euren haserrea erakutsi zuten haren kide Joseba Permach eta Ahizpea Abrisketa mahaikideek.
Egunkari horietan, Alvarez ETAren «mezularitzat» jotzen dute; eta Kubako Gobernua erakunde armatuaren eta Gobernu espainolaren arteko elkarrizketen «postontzia» dela adierazten dute.
Permachek informazioa gezurtatu eta gogor kritikatu zuen bi egunkarien jarrera. Haren aburuz, biek ala biek ezker abertzaleak nazioartean egiten duen lana «desitxuratzea eta kalumniatzea» dute helburu.
«Kasualitatea ote?»
Ezkutuan zabaldutako berriak ETAren eta Gobernuaren arteko harremanen baitakoak izatearen zioaz ironiaz mintzatu zen buruzagi abertzalea. Era berean, ezker abertzalearen eta PSOE alderdiaren artean egondako negoziazio politikoen gainean ezer esaterikorik ez duten itaundu zien egunkari espainolei.
Donostian egindako agerraldian, Batasuneko mahaikideak gogor gaitzetsi zuen egunkari espainol horiek hartutako jarrera. Haren aburuz, jarrera horrekin ezker abertzalearen lan politikoa «desitxuratu» eta gatazka eta konponbide politikoa «estaltzea» dute helburutzat.
Era horretan, Permachen esanetan, komunikabideek «Euskal Herriaren eskubide demokratikoen onarpena ezkutatu nahi dute».
Ezker abertzaleak mundu zabalean egiten duen lana «bere horretan» mantenduko duela berretsi zuten atzo Donostian, herrien arteko elkarlanari eta elkartasunari «ezinbesteko» baiteritzete.
Era berean, Donostian egindako agerraldian Batasunak nazioartean egiten duena gogora ekarri zuten. Ezker abertzalearena den independentziaren eta sozialismoaren proiektua lau haizeetara zabaltzea da nazioarteko lanaren lehendabiziko helburua. Munduan barrena, bai foroetan bai biltzarretan, bestelako eragileekin horren aldeko elkarlana bultzatzea.
Bestetik, ezker independentistak nazioarteko atalean duen bigarren eginbeharra Euskal Herriko gatazka politiko eta armatua konpondu dadin beharrezkoak diren «ingurune positiboak» eraikitzean datzala adierazi zuen Permachek.
Urte askoan, arlo horretan lan «andana» egin dela azaldu zuen. Horren adibide, Europako hainbat parlamentariok edota nazioarteko pertsona ezagunek egindako adierazpenak edota estatu eta eragileek Euskal Herrian gertatu den prozesuan hartu duten «bermatzaile» papera gogorarazi zuen.
Komunikabide espainolek konponbidearen eta benetako informazioaren alde egin beharrean, estatuen politika «errepresiboarekin» bat egitea gogor kritikatu du Permachek.